Amiantoak eragindako minbiziagatik kalte ordaina jasoko du Patrizio Etxeberria eta GKN lantegietako langile ohi batek
Patrizio Etxeberriaren ondorengoak diren CIE Legazpik eta Sidenorrek ordaindu beharko dute zatirik handiena. Kalte ordaina 2024an onartu zion Eibarko Lan Arloko Epaitegiak, baina CIEk jarritako errekurtsoek atzeratu egin dute azken epaia.
Legazpiko lantegiak. Auzitegi Gorenak berretsi egin du Legazpiko Patrizio Etxeberriaren lantegian lan egindako gizonezko bati amiantoak eragindako minbiziagatik Eibarko Lan Arloko Epaitegiak 2924an onartutako kalte ordaina, haren ondorengoak diren CIE Legazpi eta Sidenor Altzairu Bereziak enpresek ordaindu beharko dutena. CIE Legazpik jarritako errekurtsoa atzera bota du horrela. Epai honen ondorioz, CIE Legazpi eta Sidenor enpresen artean 208.197,98 euro ordaindu beharko dizkiote, eta GKN Driveline enpresak beste 158,230,45 euro, minbizia eragin dion amiantoaren aurkako babes neurriak bete ez zituztelako.
Kalteordaina jasoko duen langile ohiak mantentze hidraulikoko lanak egin zituen Patricio Echeverria lantegiko altzairutegian 1970 eta 1991 artean. Gerora, 2010ean jubilatu zen arten, GKN Driveline Legazpin lan egin zuen. 2019an biriketako adenokartzinoma diagnostikatu zioten, eta Gizarte Segurantzaren aurrean erreklamazioa aurkeztu eta gero, laneko gaixotasunak eragindako ezintasun absolutua aitortu zioten 2023ko otsailaren 28an, eta pentsioa hobetu zioten. Gainera, amiantoren eraginpean lan egindako langileen fitxategian sartu zuten.
2025ean kalte ordaina eskatu zien Patrizio Etxeberriaren enpresaren ondorengoak diren CIE eta Sidenorri, eta Eibarko Lan Arloko Epaitegiak onartu egin zuen. CIEk errekurtsoa jarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, baina honek ez zuen onartu, eta azkenik Auzitegi Gorenera jo zuen, zeinek behin betiko epaia eman du kalte ordainaren alde.
Amiantoaren Euskadiko biktimak biltzen dituen Asviamie elkarteak azaldu duenez, “enpresek ezagutzen zuten minbizi arriskua, baina legea ez betetzea erabaki zuten, eta nahiago izan zuten prebentzio neurrien kostuak saihestu, langileen osasunarekiko arriskua eta kalteak gutxietsiz”. Azken epai honen aurrean “pozik” agertu da, bidea oso luzea izan den arren.













