Korostik irudi berria estreinatu du
Maddi Mantxola urretxuarrak egin du dantza taldearen logoa, eta itxura modernoagoa eta eguneratuagoa eman dio aurrekoari, «Korostiren izaera eta naturarekiko lotura islatuz»
Korosti dantza taldeak irudi berria du. Joan den ostiralean ospatutako Korosti Egunean aurkeztu zuen, eta taldeak etapa berri bati ekin dio horrela, lau hamarkaden ostean.
Logo berriak dantza taldearen historia eta etorkizunerako ikuspegia uztartzen ditu, eta orain arteko ibilbideari aitortza egin eta etorkizunari ilusioz begiratzeko nahia adierazten du, euskal dantzaren eta kulturaren transmisioan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsiz.
Festa, etapa berria hasteko
Korostiren logo berria Latxartegi eta Agirre-Etxeberri parkeen artean ostiralean egindako festan zehar aurkeztu zuten, taldeko txikienen ginkanaren eta jolas saioaren ondoren. Taldearen ibilbidea gogoratzeko baliatu zuten aurkezpena, eta 1982an sortu zenetik euskal dantzaren eta kulturaren transmisioan egindako lana nabarmendu zuten.
Logoaren diseinua Maddi Mantxola urretxuarrarena. Irudi berriak «hostoa mantentzen du elementu nagusi gisa, baina itxura modernoago eta eguneratuago batekin, Korostiren izaera eta naturarekiko lotura islatuz». Eta dagoeneko estreinatu dute, aurkezpenaren amaieran, oroigarrizko zapiak banatu zituztelako bertaratutakoen artean. Ondoren, dantzariek emanaldia eskaini zuten, eta talde argazkia atera zuten etapa berriari hasiera emateko.
Ospakizunak triki-poteoarekin jarraitu zuen Hegialden, eta egunari amaiera emateko, 80 lagun inguru afaltzeko elkartu ziren Laubide jatetxean. «Giro ezin hobean» eman zioten hasiera etapa berriari gaur egungo dantzariek, dantzari ohiek, gurasoek eta urte hauetan guztietan Korostiren inguruan sortu den komunitateko kideek elkartu ziren.
Ikasturte berria
Korostik, betalde, ireki du hurrengo ikasturterako izen-ematea. Horretarako, https://labur.eus/korosti2627 webgunea, korostidantzataldea@gmail.com helbide elektronikoa edo 688 852 624 telefono zenbakia daude.
ARGAZKIAK: Korosti dantza taldea














