Legazpiko EH Bilduk Goierri-Donostia autobus lineari buruzko eskaera egin du Batzar Nagusietan
Lineako autobus guztiak Legazpiraino iristeko eskatu dute, maiatzeko osoko bilkuran gaiaren inguruan aurkeztutako mozioak babes zabala jaso ondoren.
EH Bilduko Legazpiko eta Gipuzkoako ordezkariak, autobos lineari buruz egindako agerraldi batean.Tere Madinabeitia Legazpiko EH Bilduk ebazpen proposamena aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Foru Aldundiari GO07 autobus lineako zerbitzu guztiek Legazpin geldialdia egin dezaten eskatzeko.
Joan den maiatzeko osoko bilkuran, Legazpiko Berdeak taldearen, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin, aurrera atera zen Goierri garaia, Goierri eta Donostia lotzen dituen GO07 lineako zerbitzu guztiek Legazpin geldialdia egiteko eskatzen zuen mozioa.
EH Bilduko Legazpiko ordezkariek azaldu dutenez, “osoko bilkuran iragarri genuen bezala, mozio haren edukia Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman dugu, eta EH Bilduk ebazpen proposamen gisa aurkeztu du. Proposamena datorren ikasturte politikoaren hasieran eztabaidatuko da. Espero dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere Legazpin jasotako babes bera lortzea.”
Legazpin lortutako adostasun “zabal horrek” eskaera horrek “herritarren benetako behar bati erantzuten diola” erakusten duela gehitu dute. “Izan ere, autoaren erabilera murriztu eta mugikortasun jasangarriagoa sustatu nahi baditugu, garraio publiko ona behar dugu: fidagarria, koordinatua eta herritarren beharretara egokitua”. Orain Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien txanda dela azpimarratu dute, “GO07 lineako zerbitzu guztiek Legazpin geldialdia egitea bermatzea eta eskualdeko mugikortasuna hobetzeko behar den urratsa ematea”.













