Ateak irekita, euskal diasporako gazteak euskal esperientzia bizitzeko prest daude
Aurten Ateak Ireki eta Gaztemundu programak bateratu dituzte. Hiru asteko egonaldia egingo duten gazteei harrera ofiziala egin diete erakundeetako ordezkariek Igartzako jauregian.
Diasporako gazteak eta erakundeetako ordezkariak, gaur, Igartzako jauregiaren kanpoaldean.Laida Goiburu Larunbatean euskal diasporako 22 gazte Ataunen elkartu ziren hurrengo hiru asteetan haien harrera familiak izango direnekin, Gaztemunduri Ateak Ireki programari esker. Gaur, berriz, programako gazte guztiak elkartu dira Beasaingo Igartzako jauregian, harrera ekitaldi ofiziala egiteko.
Aurten, Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programak eta Batzen Kultur Elkartearen Ateak Ireki programak indarrak batu dituzte, eta horregatik jarri diote Gaztemunduri Ateak Ireki izena. Euskal komunitateetako 50 gazte etorri dira munduko toki askotatik: estatubatuarrak, kanadarrak, argentinarrak, uruguaiarrak eta australiarrak dira. Horiek denak elkartu dira Igartzako jauregian. Batzuek euskal jatorria dute, arbaso euskaldunak. Beste batzuek ez, ordea; euskararekiko eta euskal kulturarekiko jakin-minak bultzatuta batu dira programara.
Larunbatean etorri ziren Euskal Herrira, eta uztailaren 19ra bitartean euskal kulturan eta euskaran oinarritutako ekintzak egingo dituzte. Batzuek Goierriko familiatan egingo dute egonaldia, eta beste batzuek Busturialdeko familiatan.

Euskal diasporako gazteak Igartzako jauregian.Laida Goiburu
Irekiera ekitaldia izan da gaurkoa. Programa posible egiten duten erakundeetako ordezkariek ongietorria eman diete gazteei, Iñaki Goirizelaia Batzen elkarteko lehendakariaren gidaritzapean.
Euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz egin dituzte ongietorri hitzaldiak ordezkari guztiek. Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak aldundiarentzat “programa berezia eta garrantzitsua” dela nabarmendu du ekitaldiari ekiteko: “Errotzen ari den egitasmo honek aukera ematen digu sare berriak sortzeko eta sortutakoak indartzeko. Komunitate izaera sendotuko duten ekimenak babesten ari gara; komunitate sendoa gara, txikitik mundura zabalik dagoena”.
Adibide gisa aipatu du duela hilabete inguru euskal ordezkaritza batek Kanadara egindako bidaia, Ternuara joan ziren euskal arrantzaleen ibilbidearen harira: “Aspalditik daude gure herriak konektatuta, eta loturak indartzearen alde egin behar dugu”.
Ondoren, Adur Ugartemendia Beasaingo alkateordeak hartu du hitza, eta erakundeen babesa “ezinbestekotzat” jo du “sustraiak mundura zabaltzeko”. Gogora ekarri du duela hamarkada asko Goierritik ere hainbat euskaldunek itsasoa gurutzatu behar izan zutela “halabeharrez”, eta nabarmendu du “arbaso haien herrimina irrika eta gogo bihurtu” direla orain etorri diren gazteen baitan. “Oso polita da munduko beste aldean euskal komunitatearen taupada bizirik eusteko prest egotea”. Bukatzeko, Goierri “harrera herria, langilea, bizia eta batez ere euskalduna” dela esan du, eta ikasitako euskara praktikan jartzera edo ikastera animatu ditu gazteak.
“Oso polita da munduko beste aldean euskal komunitatearen taupada bizirik eusteko prest egotea”
Adur Ugartemendia. Beasaingo alkateordea
Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olanok aurtengo berritasunaren garrantzia azpimarratu du, alegia, Ateak Irekik eta Gaztemunduk bat egin izana: “Erreferentzia izan behar dugu taldean jokatuta, eta bi programak batera ikustea plazer bat da. Sarean jokatu behar dugu mundu mailan ikus gaitzaten”. Programa bakoitzeko “gauzarik hoberenak” hartu dituztela azaldu du, baita “maitasunez egindakoa” dela ere: “Pertsonok asko inplikatu gara eta esperientzia oso ederra izango da, gozatzeko, konektatzeko, ikasteko eta ko-sortzeko. Batera urrunago helduko gara”.
Ildo beretik hitz egin du Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak, programak bateratzearena “aurrera sendoago egiteko bide interesgarria” dela iritzita. Gazteei euskarara gerturatzeko deia egin die: “Herri honetan euskara ez da elementu soil bat, euskara nukleo izan da herri honen historian. Ez izan beldurrik euskarara gerturatzeko. Euskara ez da zaharra, aspektu guztietan dago, eszena digitalean, teknologian. Jarri arreta horretan. Aukera duzue eta probestu ezazue. Eraman etxera eta ez dadila hemen gelditu, abentura hemen hasten da”. Gazteek Etxepare Institutua bisitatuko dute egonaldian.
“Ez izan beldurrik euskarara gerturatzeko. Euskara ez da zaharra, aspektu guztietan dago, eszena digitalean, teknologian”
Irene Larraza. Etxepare Institutuko zuzendaria
Bukatzeko, Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Goiekiko presidenteak Goierriko eskualde osatzen duten udalerrien izenean eman die ongietorria. Azpimarra egin du udalerri guztiek, “txikienetik handienera”, denek egiten dutela biztanleen araberako ekarpen ekonomikoa Ateak Ireki programa aurrera ateratzeko. “Bizi euskal esperientzia topera, ikasi euskaraz pixka bat eta gozatu”, animatu die.

Diasporako euskal komunitateetako gazteak Igartzako zubian.Laida Goiburu












