Kultura eta aisialdia dohain Legazpiko plaza eta kaleetan, uztailean
Bihar hasiko da aurtengo Uztakale programazioa. Haurrentzako ekintzak, dantza, antzerkia, zinema... denetik izango da.
Sorgintxuloren jolasak eta jarduerak izango dira aurten ere Uztakalen.Tere Madinabeitia Ostiralean hasi eta abuztuaren lehenera arte, Legazpin kalera aterako dira kultur eta aisialdi ekitaldiak jarduerak, udalak herriko elkarte eta eragileekin batera antolatutako Uztakale programaren eskutik. Ostirala da aurtengo agenda berezi honen hasiera eguna, eta aurten musika izango da lehen ekitaldia, Isuo eta Bargi bikoak eskainiko duena.
Hilabete luze honetan, musika, dantza, antzerkia, zinema, ikus-entzunezkoak, bertsoak eta haurrentzako ekintzak eskainiko ditu Uztakalek, doan, eta kalean. Aurtengo agertokiak Euskal Herria plaza, Agirre-Etxeberri parkea, Laubideko oinezko gunea, erdiguneko kaleak, Brinkolako Ergoena parkea eta, eguraldi txarra eginez gero, Azoka eta Latxartegi aretoa izango dira.
Auzoetako jaiak ere sartzen dira Uztakalen. Aztirian, uztailaren 17an, 18an eta 19an Santa Marina jaiak ospatuko dituzte, eta uztailaren 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean, San Ignazio jaiak.
Bestelako ekitaldiak ere izango dira: atzo hasi ziren Uztalai udalekuak, udako marrazketa ikastaroa, Nerabeentzako Zerbitzuak antolatutako jarduerak, kiroldegiko ikastaroak, Futbol-7 txapelketaren finala eta festa, Lenburren bisitak eta jarduerak, eta festa giroan ospatuko diren Ilintiren Erosi eta Irabazi eguna eta Katxalin eguna.
Eguraldiak laguntzen badu, Legazpin uztailean zehar badago kalera ateratzeko makina bat aitzakia aurten ere.
EGITARAUA
Musika
- Isuo eta Bargi bikotea. Uztailak 3, ostirala, 19:00, Brinkolako Ergoena plaza.
- ‘Aberriak eta atzerriak’ ikuskizuna Jokin Lasa, Kaki Arkarazo, Pello Ramirez. Uztailak 16, osteguna. 19:00, Agirre-Etxeberri parkea.
- Rogelio Botanz eta Percuteras de Garaldea talde karnariarra. Rogelio Botanz aitari omenaldia egingo dioteTenerifen bizi den semeak eta lagunek. Uztailak 18, larunbata. 12:00, Euskal Herria plaza.
- Txaston Dixie Band. Uztailak 23, osteguna, 19:00, erdigunea.
Ikus-entzunezkoak
- Natura eta gai librea: Ikatza argazkilari elkartea. Uztailak 3, ostirala, 22:30, Azoka.
- Bidaiak: Ikatza. Uztailak 17, ostirala, 22:30, Azoka.
Haurrentzako jarduerak
- Jolasak eta tailerrak, 4-11 urte. Sorgintxulo. Uztailak 6, astelehena, 17:30, Euskal Herria plaza.
- Apar festa. Uztailak 6, ostirala, 19:00, plaza.
- Ur jolasen parkea, hondarrezko eskulturak eta apar festa. Uztailak 13, astelehena. 17:00, Euskal Herria plaza.
- Jolas parkea eta apar festa. Uztailak 20, astelehena, 17:00 eta 19:00, Laubideko kale nagusia.
Zinema kalean
- ‘Wonka’. Uztailak 7, asteartea, 19:30, Euskal Herria plaza (Azokan eguraldi txarrarekin).
- ‘Migrazioa. Bidaia ahaztezina’. Uztailak 15, asteazkena. 19:30, Laubideko kale nagusia (Azokan eguraldi txarrarekin).
Antzerkia
- ‘Hausturak’. Bea Larrañaga artistaren eskutik. Uztailak 8, asteazkena, 19:00, Laubideko kale nagusia.
- ‘Oh-Pera’. Zirkotxosko. Uztailak 14, asteazkena. 19:00, Euskal Herria plaza.
- ‘Azkena, eta bagoaz’: Trapu Zaharra. Uztailak 22, asteazkena, 19:00 Laubideko kale nagusia.
Bertsoak
- Aitor Sarriegi, Eneko Araiztegi eta Ane Beloki. Bertso poteoa. Uztailak 9, osteguna, Erdigunean.
Bestelakoak
- Futbol 7-ren, finala eta festa. Uztailak 4, larunbata.
- Erosi eta irabazi eguna. Ilinti. Uztailak 10 ostirala.
- Katxalin eguna. Uztailak 11, larunbata.
- Aztiriko Santa Marina jaiak. Uztailak 17, 18 eta 19.
- San Ignazio auzoko jaiak: Uztailak 30 eta 31 eta abuztuak 1.












