San Pedro jai beteak izan dituzte Mutiloan
Lehenengo aldiz zezenak izan dira aurten, Mutiloako San Pedro jaietan.
Paella herrikoia egin dute gaur Mutiloan. Ostegunean txerri gorria jaitsita hasi zituzten Mutiloan San Pedro jaiak. Jendetsuak izan dira aurten ere Mutiloan herriko jai nagusiak. Ostiral iluntzeko 32. sagardo dastaketak, adibidez, herriko eta inguruetako jende ugari erakarri zuen beste behin. Jendetsua izan zen baita ere, larunbat arratsalderako, aurten lehenengoz antolatu duten bigantxa saioak. Endoiako (Zestoa, Gipuzkoa) Albara ganadutegiko zezenak izan ziren ikustaldia eskaini zutenak.
Larunbat gauean ere ikusmira sortu zuen Segura-Zerain, Idiazabal eta Mutiloako taldeen artean jokatu zen herri kirol desafioak. Igandean, urteroko txakolin dastaketa izan zen plazan eta Izarretan Dantzan dantza modernoko taldeak ere ez zuen hutsik egin, urtero sanpedrotan egin ohi duen ikuskizunarekin.
Gaur, San Pedro egunarekin, amaituko dituzte jaiak Mutiloan. Paella jatea dute eguerdian plazan eta Ostolaza eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute bazkalondorena.

Paella herrikoia egin dute gaur Mutiloan.


























