ELAk ohar bidez erantzun dio LABi Olaberriko Arcelor-Mittaleko negoziazioaren inguruan
ELAren esanetan, "gezurrak eta bazterrak nahasteak hanka motzak" ditu.
Olaberriko Arcelor-Mittaleko ELAk ohar bat kaleratu du joan den astean LABek esandakoei erantzuteko. “Gezurrak eta bazterrak nahasteak hanka motzak” dituela esanez erantzun dio.
LABek deituta joan den ostiralean egin zuten lehen lanuztea soldata igoera eta errelebo kontratua aldarrikatzeko.
ELAri “oso errespetagarria” iruditzen zaio sindikatu bakoitzak dituen asmoak eta nahiak bere nahieran defendatzea eta aldarrikatzea. “Baina tamalgarria da, nahiko argudio ez duenean, besteen inguruan gezurrak zabaltzea”.
ELAk aitortzen du bi sindikatuek salatu dutela langileei “akordio markoa inposatu” zaiela, orain 3 urte egin bezala. “Baina ez da egia ELA ez dela ari bultzatzen enpresako negoziaketa. Gutxiengoa izanik, ELAk deitu zuen Enpresa Batzordea Olaberriko negoziaketa ireki zedin. ELAK eta LABek adostu genuen lantegiko plataforma”.
ELAk dio haien izan zirela egun osoko lanuztea proposatu zutenek negoziaketaren aurrera-pausorik ez bazegoen. “ELA buru-belarri ari da negoziaketa aurrera eraman nahian, nahiz eta beste batzuk gure lana oztopatu. Gezurrik ez mesedez!”













