Aitana Pasalodos, Joan Kruz ile apaindegiko erakusketa berrian
Gasteiztarraren margo lanak uztailean eta abuztuan zehar egongo dira ikusgai Legazpiko lokalean.
Aitana Pasalodos, ile apaindegian ikusgai duen lan baten aurrean.Gorka Salmeron Murgiondo Gasteizeko Aitana Pasalodos Fernandez da Legazpiko Joan Kruz ile apaindegiko gonbidatu berria. Uztailean eta abuztuan zehar artista gazte honen margo lanak izango dira ikusgai bertan. Beti bezala, lokaleko ateak irekita egongo dira erakusketa ikusi nahi duen guztientzat.
Gasteizen jaioa, adar artistiko ezberdinak izan ditu hurbil Pasalodosek, antzerkia eta eskultura batik bat. Azaldu duenez, “txikitatik” izan du “gertuko gonbidapena artean murgiltzeko”. Ez du akademikoki ezer ikasi, baina argazkilaritzarekin zein pinturarekin zerikusia duten ikastaroak Gasteizko arte eta lanbide eskolan egin ditu. Horrez gain, Ekida Arte Ekimen Sozialistan muralak antolatu eta garatu ditu, beste kideekin batera.
Sortzen duen horri buruz galdetuta, zera esaten du: “Margotzen dut. Baina galdetzekotan, margotzen ez dakidala erantzungo nuke. Nire jakinaren gainean dagoena egiten dut, hori bakarrik. Nirea dena baino ez. Ausarta, bere burua artista izendatzen duena. ‘Arteak’ izutzen nau. ‘Obra’ hitzaren inguruan beraz, zer esanik ez. Erraietan sentitutakoa adierazteko gaitasuna kendu ziguten. Aldaketa eta kontraesana biluzik eta nahi bezala aurkezteko aukera lapurtu ere bai. Lortu dute. Museoetan egoteko eredu duin gisa sailkatu dute artea”.













