Marimurumendi mendi maratoia 2027ko uztailaren 10ean itzuliko da
Beasaingo Bealak taldeak hartu du herriko maratoia antolatzeko ardura. Orain arte egin izan den lasterketa errepikatzea aurreikusten dute. Aldaketa, eguna izango da: larunbatez egingo dute, 08:00etan hasita.
Marimurumendi mendi maratoiaren irteera errepikatuko da 2027ko uztailaren 10ean. Asier Zaldua Gaur, 18:00etan, Ehunmilak (EHM) ultra traileko korrikalariak abiatuko lirateke Beasaingo plazatik, 23:00etan Goierriko Bi Handiak (G2H) probakoak, eta igandean, 08:00etan, Marimurumendikoak (MMM), Arrastaka taldeak Ehunmilak trilogia ez antolatzeko erabakia hartu [urriaren 1ean jakinarazi zuten ] izan ez balu. Baina argi izpi bat sortu da berriz Beasainen, eta Bealak (Beasaingo Lasterkariak) taldeak «urtebeteko hutsunearen ostean», 2027an Marimurumendi mendi maratoia berreskuratuko duela jakinarazi du, urtebete barru, uztailaren 10ean, larunbatean, 08:00etan.
«Hutsune nabarmena»
Bealaken prentsa oharrak dioenez, «mendi korrikalariok 2026an hutsune nabarmena sumatu dugu gure herrian ospatzen ziren lasterketak ez egitean. Lasterketa horiek herriari eta inguruari ematen zioten guztia kontuan hartuta, gure ahalegina egin nahi dugu proba hau mantentzeko».
Azpimarratu nahi izan dutenez, «gure asmoa proiektuari jarraipena ematea da, baina, esan bezala, momentuz MMM lasterketarekin bakarrik. Horretarako, orain arte eman duten zerbitzu eta mailari eustea izango dugu helburu, jakinik boluntario, babesle eta laguntzaile askoren babesa beharko dugula».
Uda ondorenean irekiko dute izen-ematea. «Aurrerago joango gara informazio hori zabaltzen sare sozialen, www.marimurumendi.eus webgunearen eta beste hainbat komunikabideren bidez».
Azkenik, «korrikalarien izenean» eskerrak eman nahi izan dizkie Ehunmilak taldeari, «urte luze hauetan egin duen lanarengatik. Izugarria izan da egin duten ahalegina, lasterketa hauengatik eman duten guztia, eta parte-hartzaileak tratatu gaituzten modua, mundu mailako lasterketarik hoberenen artean kokatuz».
Hirurak ezin
Ehunmilen antolatzaile izan den Mikel Valdivielsoren esanetan, «beste urteetan egin ezin ez dudana» egiten ari da egunotan, baina «tristura» sentitzen du. «Gure nahia trilogia mantentzea zen, eta trilogia ezin bada, Marirekin konformatzen gara. Nahi genuen norbaitek jarraipena Beasain umezurtz ez geratzeko».
Argi du, «laguntzeko eta gauzak errazteko prest» dagoela, eta «orain Mari, eta gerora zerbait gehiago egiteko aukera bada, hobe. Printzipioz Marirekin hasiko dira eta joango dira ikusten. Ea beste herriko talderen bat animatzen den, Mari egonda, G2H antolatzera. Esperantza badaukat epe motz batean beste bakarren batek beste saltoren bat emango duela. Ehunmilara ez dut uste, baina G2H ondo egongo litzateke».
Koldo Agirre (Bealak): «Garbi daukaguna da, maila mantendu nahi dugula»
Koldo Agirre, Bealak taldeko kideak Marimurumendi mendi maratoia berreskuratzearen zergatiak azaldu dizkio Goierriko Hitzari.
Zergatik erabaki duzue Marimurumendi antolatzea eta ez beste bi probak?
Lan kantitateagatik. Beste probak ez egiteak pena ematen digu, baina kontziente gara Bealak bezala noraino iritsi gaitezkeen. Beste bi karrera egiten ditugu urtean zehar: umeen erreleboak eta Herri Lasterketa. Horiekin ere jarraitu nahi dugu eta uste dugu MMM egiteko gaitasuna badaukagula, orain arte eduki duen maila mantenduz. GH2 eta EHM probetan sartzeak, lan karga dezente handitzea dakar. Garbi daukaguna da maila mantendu nahi dugula. Orduan, abiapuntu bezala, maratoiarekin hastea nahikoa dela iruditzen zaigu.
Igandean izan da orain arte MMM. Zuek larunbatean antolatuko duzue.
Lehen ostiraletik hasten zen festa bat zen, orain aldiz, lasterketa bakarra izango da. Asteburua aldatu egiten da. Betikoa, batzuentzat larunbata hobea da, besteentzat igandea…. Baina gu kanpora joan izan garenean askotan eskertuko genukeen larunbatean izatea, asteburua gehiago aprobetxatzeko aukera ematen duelako. Herri mailan ere iruditzen zaigu aisi aldetik gehiago eman dezakeela larunbatean lasterketa egiteak. Horri begiratuta izan da aldaketa.
Ordua mantenduko da. Eta ibilbidea?
Dena mantentzeko asmoa daukagu. Orain arte oso ondo zegoen, orduan, ondo dagoena kopiatzen saiatzea da helburua. Ordua mantenduko da, 08:00etan hasita. Ibilbidea ere, nagusiki mantenduko da. Ikusi beharko da ibilbidea nola dagoen baina aldaketa nabarmenik ez da aurreikusten. Gustatuko litzaiguke orain arteko boluntarioekin eta babesletzekin kontatzea. Oraintxe hasi gara denari forma ematen. Informazio gehiago, izen-emateak eta abar, uda ondoren jakinaraziko ditugu. Aurreikusten dugu, aurreko urteetan bezala izango dela gutxi gorabehera.
Korrikalariek gogoz hartuko dute?
Aurten ez da egin, baina urtebete bakarrik pasatu da eta uste dugu jendeak gogo hori eduki dezakeela. Urtebeteko geldialdiarekin, agian jende askok gogo handiagoa izango du. Hori da behintzat gure esperantza.
Boluntarioak aipatu dituzu, Ehunmilen euskarri nagusiak.
Garbi daukagu asko jaisten direla beharrak, baina badakigu gauzak ondo egiteko boluntario askoren beharra daukagula. Orain artean isilpean eraman dugu, baina datorren astetik aurrera martxan jarriko gara.
Data seinalatuan iragarri duzue itzulera.
Gaurkoa, egun garrantzitsu bezala geneukan agendan. Iruditzen zaigu urtebete lehenago abixatzea polita izan zitekeela, asteburu honetan izango litzatekeenez EHM. Poztasun bat izango dela iruditzen zaigu.












