Jaietan murgilduta dabiltza San Ignazio auzoan
Atzo bota zuten jaiei hasiera emateko suziria Legazpiko auzo honetan, eta patata tortilla jendetsua egin zuten ondoren, Eneko Agirrek eta Iban Caballerok irabazi zutena. Gauean, giro ederra bi txosnetan.
Lehen suziria lehertu bezain pronto, festa giroa zabaldu zen atzo arratsaldean Legazpiko San Ignazio auzoan. Bihar iluntzera arte, jaietan murgilduta egongo dira auzotarrak eta gainerako legazpiarrak.
Txupinazoaren ondoren, buruhandiak atera ziren kalera haurrak xaxatzera, eta patata tortilla lehiaketa ere martxan jarri zen, hogei partaiderekin. Josema Azpeitia kazetaria gastronomikoa eta patata tortillak egiten sari ugari jaso zituen Goiherri jatetxeko Jon Agirre sukaldaria izan ziren epaileak, eta Eneko Agirre eta Iban Caballerori eman zieten saria.
Ordurako, jendea afaltzen hasita zegoen bi janari furgoneten inguruan, eta behin indarrak hartuta, musika izan zuten aukeran goiko zein beheko txosnetan jarritako oholtzetan. Gaua asko luzatu zen, San Ignazio festa hauetan ohi den bezala.
Gaurko ere ekitaldi ugari daude antolatuta, eta festak ez etenik izango bihar iluntzera arte.












