41,8 gradu Beasainen, Goierriko aurtengo tenperaturarik altuena, oraingoz
Uda hasi denetik behin baino gehiagotan gainditu da eskualdean 40 graduko langa. Oso euri gutxi egin du azken bi hilabeteetan. Ostegunerako euria dago iragarrita.
Beasaingo Nafarroa Etorbidea, hutsik, eguzki galgatan. Mikel Albisu Beasainen neurtu da Goierriko aurtengo orain arteko tenperaturarik altuena: 41,8 gradu. Hala jaso zuen Euskalmet Meteorologia zerbitzuak Estandan duen estazioak, joan den ekainaren 22an.
Beste bi egunetan ere izan dira uda honetan Beasainen 40 graduko langa gainditu diren egunak, biak ere ekainean: 41,3 gradu ekainaren 24an, eta 41 gradu ekainaren 23an. Ordiziako estazio meteorologikoan ere 41 graduraino iritsi ziren ekainaren 24an, eta Ataungo Agauntzan 40,2 graduraino egun berean.
Uztaila freskoagoa izan da, bi gradu inguruko alde eskasak hori esatea baimentzen badu behintzat: Beasainen 39,4 izan da tenperatura maximoa uztailaren 6an jasotakoaren arabera.
Tenperaturak altuak izan dira azken bi hilabeteetan, datu horiek erakusle. Egun batzuetan, termometroa ez da gainera 20-21 gradutik jaitsi, eta Zegaman, ezta 27 gradutik ere ekainaren 23an.
Euriari dagokionez, oso gutxi egin du. Ekaineko Goierriko errekorra Ataunek lortu zuen, hil osoan 50,09 litro jasota, eta uztailekoa Beasainek, 21,7 litrorekin, nahiz eta eskualde osoan askoz ere litro gutxiago jaso ziren.
Datozen egunetarako pronostikoa
Euskalmetek, bestalde, datozen egunetarako pronostikoa egin du, eta ostegunerako euria iragarri du.
Gaur giro lasaia eta bero puntua izango dela esan du. Goizean goiz behe-lainoa eta hodei batzuk agertuko dira, baina gero eguzkia aterako da Arratsaldean bero-hodeiak ager daitezke, eta haizea ahul eta aldakor ibiliko da. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango eta maximoak 25-27 gradu artean mugituko dira.
Bihar hodeiak nagusituko dira eta euri txikia egingo du, eta iparraldeko haizea ibiliko da arratsaldean. Tenperatura maximoek behera egingo dute, batez ere.
Ostegunean giro freskoagoa eta umela izango, eguna oso hodeitsu esnatuta gaienera. Euri zaparradak egingo ditu, baina arratsaldean atertu eta egunaren bukaerarako ostarteak zabalduko dira. Tenperatura maximoak 25 ºC azpitik geratuko dira.













