Irailaren lehen asteburuan, hitzordua Usurbe mendiko jaiekin
Irailaren 5ean eta 6an ospatuko dira aurten Beasaingo auzo horretako festak. Usurbeko igoera irailaren 6an izango da, igandearekin, eta 20. edizioa beteko du.
Beasaingo Usurbe mendiko festak iraileko lehen asteburuan ospatuko dituzte aurten ere, irailaren 5ean eta 6an, hain zuzen. Aste honetan eman dute egitarauaren berri, igandean, irailaren 6ean egingo duten Usurbeko igoera iragartzearekin batera. Jaietan ohiko egitaraua izango da, eta mendi lasterketak 20. edizioa beteko du aurten.
Jaietako programazioa larunbat iluntzean hasiko da, auzoko afari eta ondorengo mus txapelketarekin.
Igandea beteagoa izango da jai ekitaldiei dagokienez. Eguna 08:00etan hasiko da suzirien jaurtiketarekin, eta 10:45ean izango du jarraipena mezarekin, eta trikitilarien eta bertsolarien saioekin. Ondoren kirolaren txanda iritsiko da, 11:30etan hasiko den lasterketarekin. Handik gutxira, 11:45ean, ongietorria egingo diete Aizkorri mendi elkarteko kideei.
Eguerdia Laja II eta Narbaiza trikitilariek alaituko dute, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolarien saioekin batera. Omenaldiak ere tarte horretan izango dira, eta aurten Iñaki Irure eta Maite Zaldua izango dira omenduak, 13:00etan hasiko den ekitaldian. Ondoren, Jokinen omenezko aurreskua dantzatuko dute, lore eskaintza batekin batera.
Herri kirolen txanda 13:30ean izango da, eta Beasainmendi eta Garingo taldeek elkarren kontra jardungo dute, 14:30ean hasiko de bazkariaren aurretik. Bazkarirako txartelak Arrano tabernan eta Azurmendi eta Montoya harategietan jarriko dituzte salgai, 40 euroren truke (12 urtetik beherako haurrentzat, 12 euro).
Arratsaldean, haurrentzako jolasak izango dira 17:00etatik aurrera, Ekaitz konpartsako buruhandiekin batera. Jaien amaierarako, erromeria izango da Laja IIa eta Narbaiza trikitilariekin.
Mendi lasterketa
Aurten 20. ediziora iritsiko da Usurbeko igoera. Lasterketa 11:30ean abiatuko da, Artzaienea jatetxe ondoko plazatik. Parte-hartzaileek 4,7 kilometroko ibilbidea egin beharko dute tontorreraino, eta 446 metroko desnibela gainditu.
Izen-ematea irekita dago www.herrikrosa.com webgunean 15 euroren truke, eta egunean bertan ere egin ahal izango da 17 euro ordainduta. Prezioaren barruan hamaiketakoa eta kamiseta ere sartzen dira.
Sariei dagokienez, irabazleek 120 euro eta txapela jasoko dituzte, lehen gizonezkoak zein lehen emakumezkoak. Bigarren postua lortzen dutenek 70 euroko saria jasoko dute, eta hirugarrenek, 50 eurokoa. Herriko lehen emakumezkoak sari berezia izango du gainera. Ohi bezala, errekorra gainditzen duenak ere saria izango du.












