Iritsi da eklipsearen eguna
Goierriko herri guztietan ikusiko da eguzki eklipsea, osotasunean ez bada ere. Betaurrekoak erabiltzea eta mendian zuhurtziaz jokatzea, ezinbestekoak
Abuztuaren 12a da gaur, egutegian aspaldiko fenomeno astronomiko garrantzitsuenak markatutako eguna, eguzki eklipsearena. Goierrin, osorik ez bada ere, ikusiko da, eta sekulako oihartzuna izango du gertaerak, bere eraginpeko beste toki guztietan bezala.
Eskualdean, Zegaman bakarrik ikusiko da bere osotasunean, baina itzalpe gune edo zerrendatik gertuen dagoen inguruan bakarrik. Puntu horretan, ilargiak eguzkia guztiz estaliko duen momentua 16 segundo eskasekoa izango da, 20.27:44an hasita, eta 20:28:00an amaituta. Goierriko estaldura %98-99koa izango da. Baina eklipsea 19:32an hasiko da antzematen, eta eguzkia jartzeko orduan, 21:15ean, oraindik eklipsatuta egongo da. Gune gorena 20:27 ingurua izango da. Eguraldia lagun, lainoek ez omen dute trabarik egingo.
Fenomeno hori ikusteko lekuak aukeratuta izango dituzte dagoeneko herritarrek. Askok mendira joko dute, eguzkia inolako trabarik gabe ikusiko duten lekuetara. Mendira joaten direnek, kontu handia izan beharko dute oso lehor dagoelako eta sute arriskua dagoelako. Eklipsea amaitutakoan etxera itzultzeko linterna eramatea ere komeni zaie. Eta guztiek, derrigor, betaurrekoak erabili beharko dituzte, begiak kaltetzea nahi ez badute behintzat.













