Gaur gauetik biharko goizaldera ilargi eklipse partziala ikusi ahalko da
Ilargia pixkanaka Lurraren itzalean sartuko da. Ez da betaurreko berezirik beharko, ezta argazkiak ateratzeko iragazkirik ere.
Argazkia: Europapress. Gertakari metereologikoen eta astronomikoen uda izaten ari da aurtengoa. Eguraldia “erotuta” dabilela entzun izan da asteotan Goierriko kaleetan, eta munduko beste hainbat tokitan ere antzeko egoerak bizi izan dituzte.
Muturreko beroaldiak inoren atsegineko izan ez diren arren, aurtengo udan ikusmin handia sortu duten beste fenomeno batzuk ere izan dira. Horien artean nabarmendu zen abuztuaren 12ko eguzki eklipsea. Hura nahikoa izango ez balitz bezala, gaur gauean, abuztuaren 27tik 28rako goizaldean, beste eklipse bat ikusteko aukera izango da, oraingoan, ordea, ilargi eklipse partziala.
Kasu honetan, Ilargia pixkanaka Lurraren itzalean sartuko da, eta fenomenoa begi hutsez behatu ahal izango da. Ez da betaurreko berezirik beharko, ezta argazkiak ateratzeko iragazkirik ere, eguzki eklipseetan ez bezala.
Eklipsea goizaldean hasiko da, eta honako ordutegi hau izango du:
- 03:23an: Ilargia Lurraren kanpo-itzalean sartzen hasiko da. Hasierako fase honetan, aldaketa ia ez da begi hutsez nabarituko.
- 04:33an: eklipse partziala hasiko da, eta Lurraren itzala Ilargia estaltzen hasiko da.
- 06:12an: eklipseak une gorena izango du.
- 07:51an: eklipse partziala amaituko da.
- 09:01an: Ilargia Lurraren kanpo-itzaletik erabat aterako da, eta eklipsea amaituko da.













