'Morlans', Xabier Mendigurenen nobela berria
Irailaren 3an aurkeztuko du lana Donostian. Gertakari errealetan oinarritutako nobela bat da, 1991n Donostiako Morlans auzoan izandako tiroketa ardatz duena.
Artxiboko argazkia.Elkar Xabier Mendiguren idazle eta editore beasaindarrak Morlans nobela berria aurkeztuko du irailaren 3an, Donostian.
Aurkezpena Fermin Kalbeton kaleko Elkar liburu-dendan egingo dute, 10:30ean. Bertan izango dira Mendiguren bera eta Itzea Urkizu editorea. Aurkezpena sarean jarraitzeko aukera ere izango da, esteka honen bidez.
Morlans nobelak 1991ko abuztuaren 17an Donostian gertatutakoa du abiapuntu. Aste Nagusiko larunbat goizean, Guardia Zibilak Morlans auzoko Tolaretxe etxea inguratu zuen, eta bertan ezkutaturik zeuden hiru aktibista armaturen aurka tiroka hasi zen. Alde batean, tanketa eta metraileta zituen armada; bestean, hiru lagun, pistola bana eskuetan. Tiroketa ordu luzez luzatu zen.
Egiazko gertakarietatik abiatuta, hainbat iturri eta ikuspegi baliatu ditu egileak nobela osatzeko: lekukoen testigantzak, garaiko kronikak eta protagonisten oroitzapenak, besteak beste. Horrez gain, garai eta ikuspegi desberdinak lotzen dituzten gogoetak ere txertatu ditu.
Mendigurenek fikzioa alde batera utzi eta gertakari historiko horren inguruko kontakizuna osatu du, bere idazle-eskarmentua eta baliabide literarioak baliatuz. Irakurleari emozioak eragiteaz gain, gertakari haren inguruan eta gaur egungo gizarteari buruz hausnartzeko aukera ere eskaini nahi dio.













