Legazpiko Erreka Eguna irailaren 26an ospatuko da
Herriko ikasleen ekimena 22. ediziora iritsiko da aurten. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute hilaren 22rako.
Legazpiko Erreka Egunaren 22. edizioak badu data. Irailaren 26an ospatuko da, eta dagoeneko irekita izena emateko epea. Azken eguna hilaren 22a izango da, eta horretarako herriko ikastetxeetara edo udalera jo behar da.
Herriko ikasleen ekimenez sortu zen Erreka Eguna Legazpin. Urola ibaia eta herriko beste erreka batzuk familia eta festa giroan garbitzeko jarduerak duela bi hamarkadako Eskolako Agenda 21eko saioetan du jatorria. Urola errekaren egoeraren azterketan jarri zuen arreta ikastetxeetako orduko ikasleek, eta ubidea zaborrez beteta zegoela ikusita, zerbait egin behar zela erabaki zuten. Hala, herri osoarekin auzolanean egun batez erreka garbitzea proposatu zuten, baita lortu ere.
Hogeita bi edizio geroago, ekimenak bizirik jarraitzen du. Azken urteotan zabor gutxiago biltzen dute ubidetik, baina oraindik ere zikinkeria asko dago, eta horregatik ibaiaren ekosistema naturalak arriskuan jarraitzen du. Zaborraz gain, parte hartzea ere jaitsi da, gaur egun lehen urteetan baino dezente gutxiagokoa delako.
Horregatik, aurtengo edizioa berezia izatea nahi dute antolatzaileek, eta deialdia luzatzen die herriko familiei eta lagun taldeei. “Ekarri botak, arropa egokia eta gogoa”, eta udalak jarriko ditu eskularruak, poltsak eta hamaiketakoa.
Irailaren 26a larunbata da, eta erreka garbiketa 09:30ean hasiko da, Euskal Herria plazatik abiatuta. Parte hartzeko izena eman behar da, eta hilaren 22a, hurrengo asteartea da horretarako azken eguna. Udalera 010 (herritik) edo 943 737 030 (kanpotik) zenbakietara deituta, online inprimakia beteta edo Olamendi eskolan eta institutuan eta Haztegi Ikastolan eman daiteke izena.













