Bisita antzeztuak Legazpiko iragan hurbila ezagutzeko
Burdin Festaren barruan eskainiko dituzte Bergarako Antzerki Musikala elkarteko kideek. Agirre-etxeberri eta 1950eko hamarkadako eskolako ikasgela eta kapera erakutsiko dituzte. Dohainik izango dira.
Agirre-etxeberri, Patrizio Etxeberria enpresariaren etxea. Hor hasiko dira bisita antzeztuak. Antzerkia iraganera hurbiltzeko zubi bihurtuko da asteburuan Legazpin, Burdin Festaren barruan. BAM Bergarako Antzerku Musikala elkarteko kideek bisita antzeztuak eskainiko dituzte larunbat eta igande goizean eta arratsaldean, 1950eko hamarkadako Legazpi herritarrei hurbiltzeko. Patrizio Etxeberria enpresariaren etxea izandako Agirre-etxeberri eta bertan eraikitako Buen Pastor edo Artzain Onaren ikastetxeko ikasgela bat eta kapera erakutsiko dituzte.
BAM elkarteko arduradunetako bat den Balen Moñuxek azaldu du “ilusio handiz” hartu zutela bisita antzeztu hauek prestatzeko udalaren gonbita. Urte askotako ibilbidea duen taldea da BAM, eta antzerki musikatu ugari sortu eta interpretatu dituzte Euskal Herri osoan zehar, Bergaran bertan estreinatu eta gero. Legazpin ere izanak dira, 1995eko Kilometroak festaren harira antolatutako kultur egitarauan, Miserableak lanarekin. Antzerki musikalak egiteaz gain, kultur ekitaldi orokorragoak egiten dituztela ere nabarmendu du Moñuxek, eta honetan kokatzen da Legazpirako prestatu duten emanaldia.
Bisita antzeztuaren ibilbidea
Bisita gidatu antzeztua izango da, eta larunbatean eta igandean eskainiko dute, 11:00etan eta 17:00ean, euskaraz eta gazteleraz. Dohainik izango dira, eta Agirre-etxeberri izango da abiapuntua.
Bertan, etxearen kanpoaldea eta barrualdea erakutsiko dituzte, 195oeko hamarkadako garaiak gogora ekarriz hainbat aktoreren bitartez. Patrizio Etxeberria eta Teresa Agirre jabeak, Josefa Agirre neskamea, etxea diseinatu zuen Luis Astiazaran arkitektoa eta zerbitzuko beste pertsona batzuk arduratuko dira bisitaren zati honetaz.
Hurrengo geldialdia Santikutz egoitzako lorategian izango da. Duela hamarkada batzuk Legazpik bizi izan zuen hazkundearen lekukotasuna erakutsiko dute hor garai hartako hainbat herritarrek.
Ondoren, Buen Pastor edo Artzain Onaren ikastetxea egon zen Haztegi ikastolaren eraikinera joango dira, eta hor ikasgela eta kapera erakutsiko dituzte. Bisitaren zati honetako protagonista Don Demetrio irakasle eta fraidea izango da, eta hainbat aktorek ikasleen paperak egingo dituzte.
BAM taldeak beste ikuskizun bat ere prestatu du Burdin Festarako. Honako hau larunbat gauean eskainiko dute, plazan, 1970 hamarkadako irudi argitaratu gabeekin osatu duten ikus-entzunezkoaren osagarri. Patrizio Etxeberriaren bizitzan oinarritutako lana da hori. Legazpiko pertsonai historiko gehiago ere agertu dira bertan: Teresa Agirre emaztea familiakoak, zerbitzukoak, lantegikoak, Legazpiri lotutako Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza artistak… Ikuskizun honetan Bergarako konpainiako 18 kidek parte hartuko dute, tartean Raul Casales eta Vale Tena antzezle legazpiarrek, eta Legazpiko Xabier Barriola abeslariak. Emanaldia Legazpiko 60-bat irudiz osatuta egongo da.












