Legazpin kalean margotzeko deia egin du Arkatzak
Aire zabaleko pintura lehiaketaren edizio berria jokatuko da larunbat goizean, Jose Martin Etxeberria izenarekin. Lehen saria 500 eurokoa da.
Legazpiko txoko desberdinak margotzen dituzte kaleko pintura lehiaketan. Irudian, duela urte batzuk, Brinkolan.Tere Madinabeitia Arkatzak antolatuta, Legazpiko kaleko pintura lehiaketaren aurtengo edizioa larunbatean jokatuko da, etzi. Azken urteetan bezala, Joxe Martin Etxeberria margolaria izenpean egingo da. Lanak kanpoan margotu beharko dira, eta edonork parte hartu ahal izango du. Margotzeko gaia Legazpi eta Legazpiko edozein txoko izango da, eta teknika, librea.
Lehiaketa 09:00etan hasiko da, udaletxeko atarian, izen-ematearekin eta materialaren aurkezpenarekin. Lanak toki berean entregatu beharko dituzte margolariek, norberak eramandako astoan jarrita. Lan guztiak bertan egongo dira ikusgai, 19:00ak arte.
Epaimahaiak 18:00etan emango du jakitera epaia, eta orduan bertan banatuko dituzte sariak. Lehen saria 500 eurokoa da, eta beste hiru sari ere emango dituzte: 350 euro bigarrenarentzat, 200 euro hirugarrenarentzat eta 100 euro legazpiarrek bozketa bidez aukeratutako lanarentzat. Bozketa hori udaletxeko HAZ bulegoaren aurrean egingo da, 14:00etatik 17:30era.
Iaz 11 margolarik parte hartu zuten lehiaketa honetan, eta Erandioko (Bizkaia) Jose Miguel Arranzek irabazi zuen. Bigarren saria Bergarako Rikardo Azkargortak irabazi zuen, eta hirugarrena, Gasteizko Eduardo Alsasuak. Herritarren saria, berriz, Eibarko Esteban Orozentzat izan zen.













