Patrizio Etxeberriaren mezenas papera ikusgai
Lenbur Fundazioak erakusketa antolatu du, Legazpiko enpresariaren alderdi hori ezagutzera emateko. Bihar inauguratuko dute Txillida Lantokian, eta urriaren 4ra arte egongo da ikusgai.
Patrizio Etxberria eta bere emaztea Teresa Agirre Lenbur Fundazioak erakusketa berri bat antolatu du, eta bihar ostirala inauguratuko du Patricio Etxeberria, mezenas izenburuarekin, Txillida Lantokian, 19:00etan. Legazpiko industrialariaren alderdi ezezagunetako bati eskainita dago.
Erakusketa hau urriaren 4ra arte izango du ikusgai Lenburrek, asteburuetan soilik. Ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era egongo da zabalik.
Patrizio Etxeberriak artearen eta kulturaren arloan egindako mezenas lana erakutsiko da bertan, eta horretan Eduardo Txillida eta Lucio Muñoz eskultore handiei egingo zaie aipamena, besteak beste. Bere bizitza ere azalduko da, lantegitik harago, eta atal horretan, haurtzaroan paper fabrikan gertatutako ezbehar baten aipamena egingo da. Erakusketak, oro har, Patricio Etxeberriaren bizi ibilbidea jasotzen du.













