Eskola garraioren alde geldialdia egitera deitu dute, asteazkenerako
Zaldibiako Guraso Batzarrak deitu du geldialdia. Ikasleena, Ikama eta IAS gazte mugimenduek bultzatuko dute; irakasleena, berriz, LAB eta Steilas sindikatuek.
Ordiziako Oianguren instituturaino eraman dute aldarrikapena gaur zaldibiarrek.Manex Usarralde Mobilizaziorako deialdia egin dute, asteazkenerako, Zaldibiako DBH 3 eta 4ko ikasleak eskola garraiorik gabe uzteagatik. Ordu erdiko geldialdia egiteko deialdia egin du Zaldibiako Guraso Batzarrak. Ikama eta IAS gazte mugimenduek ikasleen geldialdia babesten dute. Irakasleena, berriz, LAB eta Steilas sindikatuek. Hortaz, kontzentrazioa egingo da Oianguren atarian 10:15etik 10:45era. Guraso Batzarrak protestarako deia egin diete Oiangurengo ikasle guztiei, irakasleei, gurasoei, eta baita inguruko herrietako alkate, zinegotzi zein herritarrei.
Asteazkeneko deialdiaz gain, inguruko herrietako ikasleak, irakasleak eta herritarrak deitu dituzte beraien eskoletan, irteeran, argazki erraldoi bat ateratzekoa, ‘Eskola garraioa eskubidea da, eskola publikoan murrizketarik ez!’ lemapean.
Garraioarekin dagoen arazoa
Zaldibiako Guraso Batzarra eta herritarrak hainbat ekimen eta ekintza egiten ari dira: “Egunero autobuseko bidaiarien kontrola eramaten dugu, eta eserlekurik gabe geratzen diren ikasleak kotxez eramaten ditugu Oiangurenera”.
Pasa den astean, Zaldibiako Lardizabalgo ikasle eta gurasoak, Oiangurengo ikasleekin batera, planto egin zuten, eta Zaldibiatik Ordiziarako bidea oinez egin ondoren, institutuko atarian mural bat margotu zuten. Guraso Batzarrak salatu du eskolara joan gabe geratu ziren ikasleei ikuskaritzak aginduta “berandutzeak eta faltak” jarri dizkietela.
Eskola garraioa kentzeaz gain, Hezkuntza Sailak hartu duen jarrera “zorrotza” eta “oldarkorra” gaitzetsi du Guraso Batzarrak: “Badirudi ez dela zilegi eskubide bat aldarrikatzea, eta eskola publikoan, berriz ere, murrizketak egin dituztela salatzea”.













