Olentzero eta Mari Domingiren saioetarako sarrerak salgai jarri ditu Lenburrek
Azaroaren 8an iritsiko dira lehen aldiz Mirandaolara bi pertsonaiak, eta Gabonak arte astebururo izango dira bertan.
Olentzerok eta Mari Domingik azaroaren 8an hasiko dute aurten kanpaina Legazpin. Asteburu horretan hasiko da Lenbur Fundazioa bi pertsonaia horien bisitekin, eta Gabon bezperara arte iraungo dute. Sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko familia jarduera horretarako.
Ohiko formatua izango du aurten ere Olentzero eta Mari Domingiren bisitak. Euskal Burdinaren Museoan hasiko dira ipuin kontaketa batekin, eta Mirandaola parkean eta burdinolan izango dute jarraipena. Burdintxo pertsonaiak lagunduta joango dira haurrak eta familiak parkera Olentzero eta Mari Domingiren bila, eta ondoren burdinolara joango dira guztiak, horiei gutunak eta opariak ematera. Argazkiak ateratzeko unea izango da, baita gaztainak eta pasentxiak jateko ere.
Azaroaren 8an hasiko dira bisitak, eta asteburuetan eta jaiegunetan izango dira, Gabonak arte. Astegunetan ikastetxeentzako bisita bereziak ere eskainiko dituzte. Goiz eta arratsaldez egongo dira txandak, eta arratsaldeko azken txandetarako linterna eramatea gomendatzen dute.
Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira: https://lenbur.com, webgunean, 943 73 04 28 telefono zenbakian eta mirandaola@lenbur.com helbidean.












