Lehorteak baldintzatu dezakeen Asteburu Mikologikoa iristear da
Lekanazpi elkarteak antolatu du, perretxikoen inguruko dibulgazioa eta zaletasuna indartzeko helburuarekin. Kubara bidaliko dute aurten perretxiko solidarioarekin bildutako dirua.
Lehorteak baldintzatu dezakeela ohartaraziz, Lekanazpi elkarteak aurkeztu du aurtengo asteburu mikologikoa. Urriaren 2an, 3an eta 4an ospatuko da, Azokan. Azken urteetako elkartasun helburua ere izango du aurten, eta Kubara bideratuko dute Perretxiko Solidarioarekin bildutako dirua.
Bestela, ohiko osagaiak izango ditu asteburu mikologikoaren 30. edizio honek, perretxikoen inguruko dibulgazio jardunaren ingurukoak batez ere. Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntza izango dute berriz ere Lekanazpikoek horretarako, eta aurten lehen aldiz hitzaldi praktiko bat eskainiko dute Jon Ander Jaka adituaren eskutik. Perretxikozaletasunari bultzada emateko mendi ibilaldi dibulgatzailea ere egingo dute ,San Martin auzoko arkupetik abiatuta.
Baina Azoka izango da asteburuko gune nagusia, eta bertan egingo dituzte ekitaldi gehienak: erakusketa, dastaketak eta Upelgilearen Begia lehiaketa arrakastatsua. Umeentzako txokoa ere bertan izango da.
Bestalde, Kuba denez aurtengo elkartasun perretxikoen jomuga, bertako musika ere izango da.
EGITARAUA
OSTIRALA, Urriak 2
17:00–20:00 · PERRETXIKOEN JASOTZEA LEKANAZPIN
Herritarrek bildutako perretxikoak jasoko dira Lekanazpi Elkartean. Aranzadiren gomendio jasangarriei jarraituz, perretxiko bakoitzeko ale bat edo bi ekartzea eskatzen dugu. Garrantzitsua da gainerako perretxikoak basoan geratzea.
Antolatzaileekin harremanetan jartzeko: 611 040 487
LARUNBATA, Urriak 3
9:30–13:00 · IBILBIDE MIKOLOGIKO GIDATUA
San Martingo arkupean elkartuko gara 9:30ean. Bi-hiru ordu inguruko ibilbidea egingo dugu. Espezieak identifikatu eta bereiziko ditugu, eta perretxikoek naturan duten garrantzia ezagutuko dugu. Adin guztientzat. Ez da aurrez izena eman beharrik.
11:00–14:00 · PERRETXIKOEN JASOTZEA LEKANAZPIN
Perretxikoak Lekanazpi Elkartean jasoko dira. Perretxikoen truke, salda eta txorizoa eskainiko dira. Goizeko ibilbidean bildutakoak zein herritarrek euren kasa bildutakoak jasoko dira.
15:00–18:00 · PERRETXIKOEN SAILKAPENA AZOKAN
Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. Perretxikoak identifikatu eta sailkatuko dira, eta herritarrek adituei galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute.
17:00–20:00 · UMEEN GUNEA
Jolas eta erronken bidez, txikienek perretxikoak ezagutzen eta bereizten ikasiko dute.
18:00–18:30 · SOLASALDI PRAKTIKOA AZOKAN
Gaia: “Perretxikoak, eraztunarekin edo eraztunik gabe”
Jon Ander Jakaren eskutik. Hasiberrientzat pentsatutako saioa, modu erraz eta praktikoan perretxikoak ezagutzeko oinarrizko irizpideak lantzeko.
18:30–21:30 · PERRETXIKOEN ERAKUSKETA ETA MAHAI DIDAKTIKOA
Era askotako perretxikoak ikusgai izango dira, espezieen arteko ezberdintasunak ezagutzeko eta jatekoak direnak bereizten ikasteko.
18:30–21:00 · “UPELGILEAREN BEGIA” APUSTU JOKOA
Zenbat pisatzen du saskiak? Perretxikoz betetako saskiaren pisua asmatu edo gehien hurbildu.
19:00–21:00 · PERRETXIKO SOLIDARIOA
Perretxiko Solidarioaren banaketa, borondatearen truke. Bildutako dirua Euskadi-Cuba elkartearen bidez Kubako herriari laguntzeko izango da.
20:00ETATIK AURRERA · MUSIKA ZUZENEAN
Kubatar doinuak
21:00 · SASKIAREN PISAKETA ETA SARI BANAKETA
“Upelgilearen begia” apustu jokoaren irabazleak perretxikoz betetako saskia, makila eta labana jasoko ditu. (“Saskia bete bihotz”)
IGANDEA, urriak 4
10:00–15:00 · PERRETXIKOEN ERAKUSKETA AZOKAN
Perretxikoen erakusketa azokan.
12:00–14:00 · “UPELGILEAREN BEGIA” APUSTU JOKOA
Zenbat pisatzen du saskiak?
13:00ETATIK AURRERA · MUSIKA ZUZENEAN
Euskal doinuak
13:00–14:30 · PERRETXIKO SOLIDARIOAREN DASTAKETA
Perretxiko Solidarioaren dastaketa, borondatearen truke.
14:00 · SASKIAREN PISAKETA ETA SARI BANAKETA
“Upelgilearen begia” apustu jokoaren irabazleak perretxikoz betetako saskia, makila eta labana jasoko ditu. (“Saskia bete bihotz”)
15:00 · ITXIERA













