Burdinolak jaso du aurten CIE Legazpiren diru laguntza
Legazpiren historia eta ondarea berreskuratzeko lanean diharduen elkarteari 4.000 euro eman dizkio automozioaren sektorerako forja lanak egiten dituen enpresak. Atzo egin zuten dirua entregatzeko ekitaldia, lantegian bertan.
Burdinola da CIE Legazpi enpresak 2017an herriko komunitatea laguntzeko sortu zuen diru laguntza lerroaren onuradun berria. Atzo egin zuten diru laguntza horren 4.000 euroak entregatzeko ekitaldia, lantegian bertan.
Burdinola ordezkatuz, Gorka Salmeron, Fernando Martin eta Juan Mari Burguera arduratu ziren dirua jasotzeaz, eta CIE Legazpiren aldetik Iñigo Fernandez zuzendaria, Oscar Valbuena teknikaria, Gorka Hormaetxe giza baliabideen arduraduna eta Iban Najera langilea izan ziren ekitaldian.
Najera, izan zen, hain zuzen, Burdinolaren hautagaitza aurkeztu zuena. Horixe da diru laguntza hau jasotzeko baldintzetako bat, enpresako langileek aurkeztua izatea proposamena. Horrez gain, herrikoa eta irabazi asmorik gabeko elkartea izan behar da, eta jarduera kultura, soziala edo kirol arlokoa egiten duena. Burdinolaren kasuan, kultur arloko jarduera burutzen du Legazpin, herriko historia eta ondarea berreskuratzen, bereziki burdinarekin lotutakoa. Horretan jarraitzeko eman dizkio CIE Legazpik 4.000 euro, eta elkartearentzat “kopuru handia eta koltxoi ederra” dela eta “pozik” jaso dutela esanda, lanean “ilusio gehiagorekin” jarraituko dutela agindu zuten.
Etorkizunerako elkarlana
Burdinolak 33 urteko ibilbidea dutela gogoratu zuten ekitaldian, eta ordutik beti lanean egon direla burdinari buruzko ikerketak egiten bereziki, baina baita herriko beste arlo batzuk jorratuz ere, kulturalak, sozialak eta historikoak horien artean. Makina bat argitalpen kaleratu dituztela ere aipatu zuten, eta horietako gehienak Legazpiko Udalaren webgunean duten atal berezian daudela eskuragarri ere bai. Argitalpenen artean Txinpartak aldizkaria nabarmendu zuten, laster 53. alera iritsiko dena. Bazkideak ere aipatu zituzten, gaur 130 dituztela azpimarratuz.
Bestalde, etorkizunerako elkarlan aukeraz ere hitz egin zuten, enpresak burdinarekin lan egiten duelako, eta hori delako Burdinolaren esparrua. Hala, lantegiko artxiboan sartu eta lan egiteaz hitz egin zuten.
Automobilgintzan, 155 langile Legazpin
CIE Automotive automobilgintzarako lan egiten duen multinazional euskalduna da, eta mundu osoan makina bat lantegi ditu sakabanatuta, horien artean Legazpikoa. Iaz ia lau mila milioi euroko fakturazioa izan zuen taldeak.
Legazpiko lantegian 155 langile ari dira lanean gaur egun, eta forja lanak egiten dituzte bertan. Autoentzako eta ibilgailu industrialentzako hainbat pieza egiten dituzte. Iñigo Fernandezek esan zuenez, ibilgailu elektrikoan dute jarrita erronka azken urteetan, eta arlo horretan ekialdeak eragin dien kalteari aurre egiten jarrita dute indarra, lehen zuten posizionamendua berreskuratzeko.
Multinazional honek kudeaketa deszentralizatua du, eta lantegiak autonomoak dira. Hori dela eta, Legazpiko CIEk urtean diru partida bat gordetzen du urtero herriko komunitatea laguntzeko.
Diru partida hori 2017an sortu zuten, eta orain arte Atzegi, Nagusilan, Begisare, La Salle eskubaloia, Hare Haizea, Ilintxa, Andraitz, Hotz Legazpi, Iratzarri, Sorgintxulo eta Kimu-Berri Aterpea elkarteak izan dira onuradunak. Atzo Burdinola sartu zen zerrenda horretan.












