Loreak neguari begira jarri dira
Indaba freskoa gustuago dutenentzat badago aukera ferian, baita baba txiki lehorrak ere.
Ordiziako azokan loreek ere leku esanguratsua dute, eta Iñaki Azanzaren postura gerturatu besterik ez da egin behar, erosleen arteab duten estimazioa ikusteko. Gaur mugimendu berezia izan da hor, neguari begirako eskaintza hasita dagoelako.
Negurako loreak iritsi dira, baina udaberrian eta udan bezain koloretsua dago postua, landare berriek ere kolore ederrak dituztelako. Ziklamenak dira horietako batzuk (4,5-7 euro artean), eta azaleak (7,50-16 euro) eta pentsamenduak (1,5 euro), baita eskaintza osatzen duten gainerako loreak ere: txilarra (5,50-10,50 euro), primula (2,5-7,5 euro), pitiminia (8,5 euro), kanpanula (8,50 euro), hiazintoa (2,50 euro), biola (1,50 euro), antirhinuma (2 euro), eta bellis margarita (1,50 euro). Lore berrien artean krisantemoa ere sartu behar da (6,50 euro), baita gardenia ere (18 euro).
Indaba beltz freskoa
Loreak kenduta, produktu berri gutxi ikusi dira gaurko ferian. Txikoria izan da horietako bat, Monteseko Arantxa Iparragirrek aurkeztutakoa. Pieza 2 euroan izan du salgai. Natalia Magallenesek ere izan ditu berritasun gehiago: kakahuete kuia (2,90 euroan kiloa) eta kalifornia piper horia (5,5 euroan kiloa). Berenjena pintoak ere bazituen salgai, zuriekin eta moreekin batera (4,5 euroan kiloa). Barazki postuetan ere, kolorea da nagusi.
Bestalde, lekaleen garaia ere hasita dago, eta aurreko astean indaba beltza aurkeztu ondoren, gaur indaba beltz freskoa ere eskaini dute. Oraindik lehortzen hasi ez den indaba da, eta prestatzeko orduan sutan denbora gutxiago behar duena. Aramako Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabak izan dute aukeran, kiloa 14 euroan.
Patxi Atienzak, berriz, baba txikia jarri du salgai, kiloa 7 euroan. Lekale gehiago ere eskaintzen ditu lazkaotar honek: indaba beltz, gorri eta zuria, txitxirioak, dilistak…
Perretxikoak, azkenik, Mikel Lasaren postuan bakarrik erosi zitezkeen gaur, Felix Barcinak ez duelako posturik jarri gaur. 25 kilo onddo (28 eta 36 euro artean kiloa) eta 20 kilo ziza hori (24 euroan kiloa) eskaini ditu.
Ikasle taldeen bisitak
Bisitariak ere aipatu behar dira, ikasturtea hasita, ikasle taldeak ere hasi direlako Ordiziako azokara iristen.
Gaur, D’elikatuz zentroko arduradunek gidatua, Donostiako Axular Lizeoko DBH 2ko ikasleak eta Basque Culinary Centerreko beste talde bat ibili da Plaza Nagusian feriako eskaintza ezagutzen eta erosketak egiten.
Bakailaoa, beste hilabetez
Aurreko astean kronika honetan Oscar Garcia bakailao saltzaileak gaur azken eguna izango zuela iragarri bazen ere, Ordiziako ferian beste hilabete batez egongo dela esan behar da oraingoan.
Beraz, Lezo bakailao salmenta postuak urriaren amaierara arte jarraituko du lanean Goen plazan.


















