Ane Odriozolaren epaia
Veredicto’ izenburua du bere azken lanak, eta gaur aurkeztuko du, Latxartegi aretoan, 19:00etan. Josema Azpeitia kazetaria izango du ondoan, eta liburuak salgai egongo dira.
Ane Odriozola, 'Veredicto' liburuaren ale batekin.Jose Gallardo Euskal noir deituriko literatur estiloan [euskal nobela beltza] kokatu dute gaur Ane Odriozolak aurkeztuko duen eleberria. Veredicto da bere azken lanaren izenburua, eta hilketaz akusatutako gizon baten etorkizuna erabaki behar duen herri-epaiketa batean du oinarria.
Nobela historikoa albo batera utzita, gaurkotasunean murgildu da oraingoan idazle legazpiarra, eta thriler kutsua eman dio gainera istorioari.
Gaur aurkeztuko du Planeta argitaletxearen NdeNovela zigiluarekin argitaratutako azken lan hau Legazpin, Josema Azpeitia kazetariaren laguntzarekin. Hitzordua Latxartegi aretoan izango da, 19:00etan. Liburua bertan egongo da salgai.
Dokumentazio lanetik abiatuta
Ohi duen bezala, Ane Odriozolak dokumentazio lan handia egin du azken lan hau idazteko ere. Herri epaitegiarekin erabakitzen diren epaiketetara joan da nola funtzionatzen duten ikusteko, eta fiskalak, ertzainak eta mundu judizialeko beste profesional batzuk izan ditu informazio iturri. Liburuan agertzen den epaiketa ez da benetazkoa, baina bizitza errealean egiten diren askoren osagaiak ditu, bereziki mediatikoak diren horienak, aurreiritziak eta presioa, besteak beste.
Odriozolak epaiketa mota horiek irakurleengana gerturatu nahi ditu. «Nire irakurleek horrelako prozesu judizial bat nolakoa den deskubritzea nahiko nuke. Oso gutxik ezagutzen dute, barrutik bizitzea ez bazaie egokitu behintzat. Herri epaileak nola aukeratzen diren, zer den galdeketa bat edo atea itxita dagoela erabakia nola hartzen den… Nik hori guztia dokumentazio fasean ikasi dut, eta gauza askorekin harritu naizen bezala, irakurleak ere harrituko direla uste dut».
Nobela irakurtzen bukatutakoan, «irakurleak Espainiako justiziak nola funtzionatzen duen hobeto ezagutuko duela» dio Legazpiko idazleak.
Aurkezpen gehiago Goierrin
Hurrengo asteartean, urriak 6, Zumarragako Zelai Arizti kultur Etxean izango da, 19:00etan, Veredicto aurkezteko, eta urriaren 22an 19:00etan, Beasaingo Mirentxu liburu dendan.












