Legazpi eta Zumarraga arteko bidea itxita egon da, istripu baten ondorioz
Kuzturrutzu baserri parean gertatu da istripua; kotxe bat zelaira sartu da eta albo batera irauli da. Suhiltzaileek atera behar izan dute gidaria autotik, larri zaurituta.
Legazpi eta Zumarraga lotzen dituen GI-2630 errepidea itxita egon da ordu bete inguru, goizean gertatu den istripu baten ondorioz. Istripua Elbarrena auzoan gertatu da, Kuzturrutzu baserriaren parean, eta ilara luzeak eragin ditu hasieran errepidean, bi aldeetan, 09:20 inguruan, ezbeharraren lekura gerturatu diren suhiltzaileen eta larrialdi zerbitzuen lanengatik.
Lekuko batek adierazi duenez, “istripua ikusgarria izan da. Suhiltzaileen parkera heldu baino lehenago [Zumarragatik Legazpirako norabidean], eskuineko zelaira irten du ibilgailuak eta albo baten gainean gelditu da. Suhiltzaileek kotxearen sabaia moztu behar izan dute zauritutakoa ateratzeko”.
Autoko gidaria izan da istripuko biktima bakarra. Zauri larriak izan ditu, eta erietxera eraman dute.














