Kilometroak: informazio praktikoa
Bizileta aparkalekua.Manex Usarralde Aparkalekuak
- Bizikletentzako aparkalekua. Lehenengo eta bigarren guneen artean, itxitako eta zaindutako gunea egokitu dute 250-bat txirrindurentzat, Jauregiaren parean. Ampok babestutako Jai eremuan bertan izango da. Sarrera kontrolatuko dute, etiketa berezi batekin. Etiketaren zati bat bizikletari jarriko zaio eta bestea jabeak eramango du.
- Autokarabanentzako aparkalekua. Larunbat goizeko 10:00etatik aurrera irekita egongo da. Herritik nahiko gertu dago, Bionako negutegien ondoan.
Garraio publikoa
- Trena. Beasaingo geltokitik kilometro eta erdira dago jai eremua, eta autobusak egongo dira Lazkaorako joateko.
- Lurraldebus autobusak. G001 (Zaldibia, Ordizia, Beasain, Idiazabal, Segura, Zegama) eta G005 (Lazkao, Ordizia, Beasain, Ormaiztegi, Ezkio-Itsaso, Zumarraga Ospitalea) lineak ohiko lanegun bateko zerbitzua eskainiko dute, 07:00etatik aurrera.
Maizpide
- Gune lasaia. Behar desberdinetako jendea izaten delako, egongela, edoskitze gela eta haurrak aldatzeko guneak egokitu dituzte, Maizpideko eraikuntza ere festa eremuan txertatuz. Hasierako ekitaldi instituzionala egiten dutenean, hamaiketakoa Maizpiden izango da.
Jatekoa
- Janari (ogitarteko) eta edari txosnak gune guztietan egongo dira.
- Talotegia plazako frontoian egongo da.
- Herri bazkaria, 13:30etik 16:15era, Ikastolako Lehen Hezkuntzako jolastokian izango da.
- Euskal Labeleko produktuen pintxoak bigarren gunean egongo dira salgai.
- Bestelakoak. Kafea, euskal pastela, izozkiak… ere aukeran izango dira.
Puntu Moreak
- Gune guztietan Puntu Morea izango da, sexu erasoren bat gertatuz gero, biktimek bertara jotzeko aukera izan dezaten. Babesa eta orientazioa eskaintzearekin batera, sentsibilizaziorako eta kontzientzia sortzeko ere balioko dute. Tabernari guztie ere sexu erasoen aurkako protokoloa jaso dute, erasoren bat gertatuz gero nola jokatu jakiteko.
Mateplaza
- Lemniskata Goierriko zientzia sare herritarrak Mateplaza jarriko du hirugarren gunean, Ikastola / Plaza inguruan. Eraikuntzako espazioa (Leonardo Da vinciren zubia eta kupula…); 2Dtik 3Dra espazioa (hainbat joku); ilusioen espazioa (25 ilusio optiko…); jokoen eta erronken espazioa, eta Lemniskata-Moebius espazioa antolatuko dituzte.













