Boluntarioen ezinbesteko lan hori
Ia mila herritar elkartu dira boluntario lanak egiteko Kilometroak festaren inguruan, Lazkao bertakoak batzuk, kanpotarrak beste batzuk. Era askotako zereginak dituzte.
Urriaren 4 honetarako boluntarioak behar zirela esan zutenean, Kilometroak 2026 festako antolatzaileek eskatutako kopurua bete zuten. Ia mila behar ziren, eta ia mila bildu dituzte aurreko egunetan egiteko lanetarako, egunean bertakoak egiteko, eta ondorengoetarako.
Muntai lanetan, trafikoa gidatzen, aparkalekuak antolatzen, txosnetako sukalde eta barretan, tonbolan, garbitasunean, segurtasunean, materiala eta tiketak saltzen… txandatan eta guneetan banatuta ari dira lanean, bakoitzak bere petoa edo elastikoa gainean jantzita.

Zaintza lana egokitu zaie ikastolako ikasleen guraso biri, eta Kilometroak festari laguntzeko alea jarri dute horrela. “Edozein arazo badago, zentrala ikastolan dago, baina gu gara haien begiak hemen”, horrela azaldu dute egin beharreko lana. Gune bakoitzean bikote edo laukote bat egon da, eta hauek lehenengo gunean egon dira lanean, goizeko txandan. Lasai joan da goiza, “bi ume galdu dira, baina besterik ez”.

Txosnatan ere jende askoren laguntza behar izan da. Lehen gunean egokitutako barran makina bat boluntario aritu da lanean, ogitartekoak egiten eta banatzen. “Dena antolatuta genuen: batzuk barrukoa plantxan egin, beste batzuk bokadiloak osatu, eta beste batzuk, banatu”. Dirurik ez dute manejatu behar izan, aurretik txartelak saldu dituzte inguruan, eta horiek funtzionatu dute diru gisa, “gauzak erraztu egiten ditu horrek”. Jende asko ibili da ogitarteko gune horretan, “12:00ak inguruan izan da lehen kolpea, eta gero 14:00etatik aurrera handiena, bazkaltzeko orduarekin”. Boluntario hauek ere ikastolarekin harreman estua dute, gehienak ikasleen gurasoak direlako, “eta ikastola eta euskara bihotzean daramagulako”.

Komunetan mantentze eta garbitze lanak ere egin behar dira, eta Eneritz eta Irati dira horien ardura izan duten boluntarietako bi, lehenengo gunean. Ikastolako ikasleak izandakoak dira, eta lan oso erakargarria ez dirudien arren, beraiek aukeratutakoa izan da, “lan hau egitea nahi genuen, justu ikusi nahi ditugun kontzertuak hemen direlako, eta horrela taldeak ikusi eta entzuteko aukera dugulako”. Goizeko txanda egin dute, eta “nahiko txukuna” izan dela aitortu dute.

Andonik eta Joxeanek, berriz, bizikleta aparkalekuaren ardura izan dute goizez. Lehen eta bigarren guneen artean kokatuta, erabiltzaile asko izan ditu aparkalekuak. Goizean goiz ireki dute aparkalekua, “08:00etan ireki dugu, eta pixkanaka hasi da jendea etortzen. Egundako arrakasta izan du. Jende gehiena gertutik etorri da, Beasain eta Ordiziatik batez ere, baina Azpeititik ere etorri dira”. Gustura aritu dira gune horretan lanean, “nahiz eta momentu korapilatsuak ere izan diren, familia osoak etorri direnean eta”. Bizikleta jaso eta txartela jartzen diote zenbaki batekin, eta jabeari beste txartel bat eman zenbaki berarekin, jasotzean erakusteko. Patinak eta patineteak ere jaso dituzte. Andoni eta Joxean herritarrak dira, eta ikastolan ibilitako seme-alabak dituzte.

Ikastolan ikasten dabiltzan gazteak ere aritu dira boluntario lanetan gaurko festan. Natale, Oxeli eta Uxue dira horietako hiru, DBH4ko ikasleak. Gunez gune ibili dira, itsulapikoa eskuan, Kilometroaken aldeko borondatea eskatuz eranskailu baten truke. Goizeko txandan ibili dira, eta “jende asko ikusi dugu, eta oso ondo portatu dira”. Lana amaitutakoan, festan murgilduko dira, eta Nafarroa 1512 taldearen kontzertura joango dira.

Bergarako Arantzadi ikastolako hainbat langile ere aritu dira boluntario lanetan, Ainhoa, Lierni eta Imanol horien artean. Hiru irakasle hauek garbiketaz arduratu dira, jasangarritasun taldean. “Ikasturte honetan guk hartu dugu Kilometroak antolatzeko lekukoa, eta aurten tokatu zaigu ardura batzuk hartzea”, azaldu dute. Lazkao Txiki plazako gunean ibili dira lanean, goizean, eta azaldu dutenez, “hemen oso lasai gabiltza, jendea garbi samar dabil, eta gure lana erraztu egiten du horrek”. Baina beste gune batzuetan “igual zailagoa egongo da lana” esan dute, txosna inguruak gogoratuz. Bestela, “giro ona” aurkitu dute Lazkaon, eta “eguraldia lagun, gaueko zaparraden ondoren espero ez genuena”.

Maialen eta Oihane Beasaingoak dira, eta lagun batek eskatuta animatu ziren boluntario lanak egitea. Trafikoaz arduratu dira, “autoen matrikula zerrenda daukagu, eta baimendutakoei bakarrik uzten diegu hemendik igarotzen”. Goizean “mugimendua” egon dela esan dute, “denak batera etorri dira, eta batzuk nahi zuten pasatu baimenik gabe, eta utzi ez diegunean haserretu egin dira pixka bat…” Baina orokorrean “ondo” joan da guztia. Lan egiteko tokatu zaien lekuan festa giroaz gozatzeko aukera handiegirik ez dute izan, eta txanda amaitzean herritik buelta bat emateko asmoa zuten.

Ikastolen arteko Erronkak gaztetxo asko mugitu ditu, eta horrek laguntzaile sare handia behar izan du. Jula eta Peru izan dira sare horretako bi kide. Ikastolako ikasleak dira, DBH4koak, eta Erronkan parte hartzen ari ziren ikasle taldeak gune batetik bestera gidatzea izan da egokitu zaien lana. “Gustura” ibili dira, goizeko txandan, eta gero festan murgiltzeko asmoa dute, batez ere Nafarroa 1512 taldearen kontzertua ikusteko gogoa gure.












