Leku askotatik iritsi da jendea Lazkaora, euskarari eta ikastolari babesa ematera
Festa giro bete-betean murgilduta dago goizetik Lazkao. Kilometroak 26 martxan dago, eta herriko kaleak eta plazak toki askotatik etorritako jendez beteta daude. Eguraldia lagun, ekitalidz beteriko egitaraua dute aukeran.
Aparta. Hitz bakar horrek laburbiltzen du gaur goizetik Lazkaon bizi dena, eta arratsadeko azken ordura arte biziko dena: eguraldia, giroa, jendea, festa, antolakuntza, egitaraua… Kilometroak 2026 martxan dago, eta herriko kaleak eta plazak toki askotatik etorritako jendez beteta daude. Eguraldi paregabeaz lagunduta, antolakuntzak prestatutako egitarau zabalaz gozatzera, euskarari eta ikastolei babesa eta bultzada ematera, eta ondo pasatzera etorri dira.

Oriotik etorrita, hiru familiaz osaturiko kuadrilla bat zebilen herriko plaza inguruan eguerdian. “Orio ez dago hain urruti” esan dute. Kotxez etorri dira, eta Lazkaoko lagunekin elkartzeko hitzordua zuten eginda eguna pasatzeko. “Disfrutatzera” etorri direla esan dute gaztetxoenek, eta Gozategi ikustera ere bai.

Oso gertu, duela 50 urte egindako lehen Kilometroak ezagutu zuten bi bikote zebiltzan. Antzuolatik etorri dira, “lau gazte”, esan dutenez, “hasieran hemen egon ginenak”. Gizonak Antzuolakoak dira eta emazteak, bata Beasaingoa eta bestea Zaldibiakoa. Bikoteetako bat jaioberria zuten semearekin etorri zen orduan, eta ordutik ez dute ia hutsik egin urteroko festari. Kotxean etorri dira Beasaineraino, eta gero oinez Lazkaora, duela 50 urteko hura gogoratzeko, Kilometroak eta beste lurraldeetako ikastolen festetara joateko ohitura ez galtzeko eta “euskara babesteko batez ere, baita egun pasa bat egiteko eta ondo pasatzeko” ere. Felixek kritika egiteko tartea era hartu du: “Gazte gutxi ikusi dut!”.

Baina ia ondoan, gazte kuadrilla bat zuten antzuolarrek. Gazteak, 24 urtekoak, Beasaingoak eta Segurakoak ziren, Julen, Mattin, Joseba, Arkaitz eta Iera eta Beasaindik oinez etorri dira. “Giroa ikustera, taloak jatera, kontzertuak entzutera, eta euskara babestera. Giroa badakigu ona izaten dela Kilometroetan, eta iganderako plana bikaina da gaurkoa”.

Donostiatik sei familia etorri dira, 24 lagun heldu eta ume batuta, San Tomas Lizeoak antolatutako autobusa hartuta. Erronkariak dituzte kuadrillan, eta horiek animatzera etortzeaz gain, “ikastolaren alde egitera” ere etorri dira, “festa bultzatzera eta ondo pasatzera”. Egun osorako plana dute eginda, eta Esanezin, Eider Saez eta musikariak ikusteko asmoa dute, baita Zutik elektrotxaranga ere.

Gazte gehiago ere etorri dira, Ordiziako neska kuadrilla bat tartean. Kotxean etorri dira, goizean goiz, Erronkan lagundu behar dutelako. Iraide, Maddi, Irati eta Haizea dira, Jakintza ikastolan ibilitakoak, eta Erronkako lanak amaitutakoan, festaz gozatzeko asmoa dute, Gozategi ikusita bereziki.

Datorren urtean Kilometroak antolatzeko ardura duten Bergarako Arantzadi Ikastolako kideak ere izan dira gaur Lazkaon, dezente gainera. “Egunaz gozatzera, eta datorren urterako ideiak hartzera, eta batez ere arropa denda nola antolatu duten ezagutzera”. etorri dira. Giro politarekin egin dute topo, eta eguraldia ere “ederra”. Autobusean iritsi dira, ikastolako beste kide askorekin batera.

Goierriko Atzegiko kuadrilla handi bat ere Lazkaon zebilen, ohiko boluntario lanak alboratuta, “festara eta ikastola laguntzera” etorrita. Beasaingoak, Legazpikoak, Ataungoak, Ordiziakoak, Ormaiztegikoak, Igeldokoak eta Pasaiakoak ziren. Gozategi eta Esanezik ikusteko asmoa dute.

Amasako bikote bat eta hiru alaba txikiak ere animatu dira Lazkaora etortzera, “festara, eta hemengo ikastola laguntzera”. Kotxean etorri dira, goiz erdialdean. Lehenengo gunea bisitatu eta hamaiketakoa egin ondoren, beste guneak bisitatzeko asmoa zuten, eta Go!azen ikustekoa ere bai. Villabonako Zubimusu ikastola da familia honena, eta bertako erronkariak animatzera ere joatekoak ziren. Lehengo Kilometroak festak ezagututakoak dira, eta ikusten dituzte aldeak: “Lehengo ibilbideak kenduta eta orain guneak jarrita, gaztetxeoak formalago dabiltza”.

Artea, Garazi, June, Leire eta Xuban Zegamatik “egun pasa” etorri diren gazteak dira. Beasaindik oinez iritsi dira, “euskarari babesa emateko, eta ondo pasatzeko”. Kontzertuak ikusi, bokadillo bat janda bazkaldu, eta giro ederrean eta lagun artean arratsaldera arte ibiltzea da plana.

Juan Luis eta Mari Jose, azkenik, Legazpitik etorri dira. Urte askotan izan dira Kilometroak festan, batez ere seme-alabak txikiak zirenean, eta aurten eguraldiak lagundu duela eta, animatu egin dira. Kotxez etorri dira, eta “oso ondo aparkatu dugu, oso erosoa izan da guztia”. Egun osorako etorri dira, bertan bazkaldu, eta arratsaldera arte egoteko asmoa dute.












