Doinua Musika eskola eta Izpien Txokoa itxita daude gaur, eraikinean eragindako kalteengatik
Atzo iluntzean indarrez sartu ziren Agirre-Etxeberrin, eta hainbat kalte eragin dituzte barruan. Bi zerbitzuetako jarduera aldi baterako etetea erabaki du udalak.
Legazpiko Udalak jakinarazi duenez, atzo iluntzean hainbat kalte eragin zituzten Agirre Etxeberrin, eraikinera indarrez sartu eta gero. Horren ondorioz, gaur eten egin ditu bertan dauden Doinua Musika eskolako eta Izpien Txoko zerbitzuko jarduerak. Egindako kalteak neurtzen ari dira oraindik.
Atzo, urriak 4, izan ziren gertaerak. 20:30ak aldera jo zuen eraikineko alarmak, eta udaltzainak bertaratu zirenean, leihoetako bat zabalik zegoela ikusi zuten, eta Ertzaintzaren laguntza eskatu zuten babes-neurri gisa, barrualdea ikuskatzeko. Barrualdea aztertzen ari zirela, pertsona bat identifikatu zuten bertan. Segurtasun kameretan jasotako irudietan ere pertsona bakarra antzematen da.
Eraikinean kalte materialak bakarrik eragin dituzte, hainbat ate eta leihotan, zehazki, sarrailak behartu dituzte, eta leihoak hautsi dituzte. Gainera, hainbat armairu ere indarrez zabaldu dituzte, eta dokumentazio, espediente zein artxibo ugari aurkitu dituzte lurrean sakabanatuta.
Musika Eskolako arduradunak egiten ari diren behin betiko inbentarioaren zain, oraindik ezin izan dute zehaztu materialik edo musika tresnarik lapurtu duten ala ez.
Gertaera hauen aurrean, Izpien Txokoa aldi baterako itxita mantentzea erabaki du udalak, kaltetutako leihoa konpontzeko lanak egin bitartean eta esparruaren segurtasuna bermatu arte.
Bestalde, Musika Eskolako klaseak bertan behera utzi dituzte gaur astelehena, eta zentroa zuzenean jarriko da harremanetan ikasleekin, jarduerari berriro noiz ekingo zaion edo ohiko programazioan izan daitezkeen aldaketen berri garaiz emateko.
Kameren grabazioak sakon aztertzen jarraitzen dute, intrusioaren ordu zehatza finkatzeko eta xehetasun guztiak argitzeko. Legazpiko Udalak barkamena eskatzen die erabiltzaileei eragindako eragozpenengatik, eta berriro adierazten du Agirre Etxeberrin erabateko normaltasuna ahalik eta azkarren berreskuratzeko konpromisoa.













