Legazpiko Berdeak kaleko zuhaitzen mozketaren aurka agertu da
Aizkorri kalean Haizea tabernaren aurrean hiru zuhaitz moztu dituztela eta kale berean beste zortzi botako dituztela salatu dute, eta Udal Gobernuari mozketa gehiago ez egiteko eskatu diote.
Legazpiko Berdeak taldeak jakinarazi duenez, idatzi bat erregistratu du udalean gaur goizean, Aizkorri kaleko mozketak berehala geldiarazteko eskatuz. Azken Udal Osoko Bilkuran Legazpi klima-aldaketara egokitzeko taldeak aurkeztu zuen mozioa ekarri du gogora, hura atzera bota ondoren “kalez kaleko errealitateak iragarpenik txarrenak berretsi ditu” esanez.
Aizkorri kaleko Haizea tabernaren aurrean tamaina ertaineko hiru zuhaitz bota dituztela azaldu dute, eta datozen egunetan beste zortzi ale kendu nahi dituztela gehitu dute. Jarduera horrek Aizkorri kalea itzal naturalik gabe uzten duela salatu dute, eta “ingurumen larritasun handiz” egiten dela azpimarratu dute: “mehatxatutako zortzi zuhaitzen adaburuetan hegaztien habia ugari daude umatze-garaian, eta egoera hori likidatutako hiruretan ere gertatu zen, ziurrenik”.
Jarduera horren harira, joan den asteko Osoko Bilkuran atzera bota zuten mozioa ekarri dute gogora. Mozio harekin, taldeak “hiribilduak jasaten dituen bero bolada jasanezinei aurre egiteko proposamen integral bat” defendatu zutela esan dute. Zehazki, hiri zuhaiztien eta itzalen ibilbideen plan bat diseinatzea, tamaina handiko zuhaitzak babestea eta hiri inguruko baso babesle bat bultzatzea proposatu zuten, “jabe pribatuekin akordioak eta pizgarriak eginez, prozesionariarekin eta banda marroiarekin gaixotutako pinudiak ordezkatzeko bertako espezieekin”.
Hala ere, nabarmendu dute EAJren Gobernu Taldeak atzera bota zuela ekimena, Legazpi Klima 2030 planean eta mendiko lurrak erosteko 35.000 euroko partidan oinarrituta.
“Mundua alderantziz da. Bulegoetan paperari buruzko plan bat aurreikusten dute, baina kalean larrialdi klimatikoaren erantzuna motozerra da “, salatu du Alberto Bezunartea Berdeak + Independenteen bozeramaileak. “Pinudi gaixoen birmoldaketa negoziatzeari uko egiten dioten bitartean, eta 35.000 euroko diru kopuru barregarria mendira bideratzen duten bitartean, lumaz suntsitzen dute hazteko lau hamarka behar izan duen itzala”. Ildo honetan, ur txokorren parkean udalak ia 400.000 euro gastatu dituela gogoratu dute.
Berdeak udal taldeak, bestalde, “gogor” kritikatu du Udal Gobernuak egindako bilera informatiboa, “a posteriori” deitu duelako, eta “bizilagunak ez bertaratzeko ordutegi berezia” jarri zutelako. Bilera hori Haizea taberna aurreko zuhaitzak moztu eta gero herritarrei azalpenak emateko izan zen, “parte hartze prozesu baten simulakroa”, salatu dutenez.
Orain, “zuhaitz mozketak berehala geldiarazteko, zuhaitzek egiten zuten balizko kaltea justifikatzen duten txosten teknikoak emateko, eta zuhaitz bideragarrien transplantea ebaluatzeko” eskatzen dute. “Ez diogu utziko Legazpiri bere ondare naturala eta itzalak kentzen”.














