Lehorteak baldintzatutako asteburu mikologikoa
Lekanazpi elkarteak perretxikoen inguruan antolatutako ekitaldi sorta 30. ediziora iritsi da. Aurten perretxiko gutxi izan da, bai biltzeko bai dastatzeko.
Lekanazpi elkarteak antolatutako asteburu mikologikoaren 30. edizioak protagonista berezia izan du aurten, perretxikoei lehia eginez. Udako eta azken asteetako lehortea izan da protagonista hori, horrek baldintzatu egin duelako asteburu mikologiko horren barruan antolatutako jarduera, eta bereziki perretxikoen bilketa eta dastaketa.
Hala ere, erakusketarako 86 perretxiko mota desberdin sailkatzea lortu zuten antolatzaileek, Aranzadi zientzia elkarteko kideen laguntzarekin. Eta ibilbide mikologiko gidatuan 26 lagunek parte hartu zuten, horien artean zortzi haurrek. Bestetik aurten lehen aldiz antolatu duten solasaldi praktikoak, Jon Ander Jakak gidatutakoa, hainbat lagun bildu zituen Lekanazpi elkartean bertan larunbat arratsaldean.
Solasaldi praktikoa Lekanazpi Elkartean egin genuen. Aurreikusitako tokia eta ordua aurreratu egin ziren, interesa zuten hainbat lagun elkartu eta saioa lehenago hasteko aukera sortu zelako.
Baina azoka izan da topagune nagusia, eta bertan elkartu dira zaletuak eta perretxikoen mundua hobeto ezagutu nahi duten herritarrak. Musika izan dute lagun tarteka, eta Upeldegiaren begia lehiaketa ere bai. Perretxikoz beteriko saskiaren pisua asmatzea zen lehiaketaren erronka, eta larunbateko saioan Gari Nuñez izan zen irabazlea: saskiak 4.588 gramoko pisua zeukan, eta 4.548 gramo esanda egin zuen apustua. Igandean, berriz, Imanol Odriozolak irabazi zuen erronka: 3.792 gramokoa zen saskia, eta 3.790 gramokoa egindako apustua. Saskia bera, eta perretxikoak biltzeko labana jaso zuten opari.
Umeen txokoa ere izan da, eta horretan egindako lehiaketetan, Rodaina, Martina eta Alaia izan dira sarituak.
Perretxiko dastaketan, lehorteagatik, ezin izan dituzte normalean eskaini ohi dituzten onddoak, gibelurdinak, niskaloak eta lanpernak erabili. Horien ordez, txanpinoiak edo barrengorriak eskaini dituzte, hiru modutan prestatuta: saltsan, plantxan eta nahaskian. Shiitakea ere eskaini dute, plantxan eginda. Perretxiko solidarioa ere saldu dute aurten, eta ateratako dirua, Kubari laguntzeko izango da.
Lekanazpiren balorazioa
Lehorteak baldintzatu badu ere, Asteburu Mikologikoaren 30. edizioaz “balorazio ona” egin du Lekanazpi elkarteak. “Parte hartzea eta jardueren harrera positiboak izan dira, eta erakusketako 86 perretxiko motek inguruko aberastasun mikologikoa erakutsi dute”.
Bestetik, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte hartu duten herritar, bisitari, laguntzaile eta boluntario guztiei.
ARGAZKIAK: Lekanazpi elkartea eta Cristina Limia















