Mundutik Legazpira elkartea Venezuelara bidaltzeko dirua biltzen ari da
Dagoeneko 411 euro bildu ditu, eta kanpainarekin jarraituko du, lurrikarak kaltetutako herritarrak laguntzeko. Protesi bat erosteko adina diru lortu nahi dute.
Mundutik Legazpira elkarteak 411 euro bildu ditu Venezuelako lurrikararen biktimak laguntzeko kanpainaren lehen fasean. Elkarteak Itsulapiko solidarioak ekimena jarri zuen martxan lurrikara gertatu eta aste gutxitara, eta orain arte bildutako dirua Juan Pablo 2 Santos Fundazioari emango diote, kaltetuentzako protesiak erosteko.
Itsulapikoak San Ignazio eta Brinkola auzoetako jaietan, Artzain Egunean eta joan den irailaren 25eko ostiraleko azokan jarri zituzten. Kanpaina honen helburu nagusia indarrak batzen jarraitzea dela diote elkartekideek, eta protesi bat erosteko adina behar den dirua lortu arte jarraituko dute.
Bizitzak aldatzeko laguntza zehatza
Mundutik Legazpira elkartea duela gutxi sortu zen Legazpin. Hamar nazionalitatetako pertsona migratzaileak dira fundatzaileak, eta “integrazioa sustatzeko, kultur aberastasuna ekarri, eta elkartasunetik aktiboki laguntzeko” helburua dute. Gaur egun 13 kide dira dagoeneko eta ateak zabalik dituzte elkartearekin bat egin nahi duen ororentzat.
Venezuela laguntzeko ekimena, zehazki, jatorri venezuelarreko Mariana Egibar kideak bultzatuta sortu zen. Elkarteko gainerako kideen laguntzarekin, berak koordinatu zituen kontaktua eta laguntza kanala.
Protesien kostua
Venezuelan bertan lan egiten duten hainbat ekimen aztertu ondoren, Juan Pablo Dos Santosek gidatutako lana aukeratu zuten, “haren balioekin adostasun handia dugulako”. Izan ere, bat egiten dute mezu honekin: “Kaltetutako pertsonek haien ametsak lortzeko bidearekin jarrai dezaten eta gizartean modu aktiboan parte hartu dezaten nahi dugu”.
Fundazioak emandako informazioaren arabera, protesi baten batez besteko kostua 4.000 eta 6.000 dolar artekoa da hanka eta oinentzako, eta 8.000 eta 16.000 dolar artekoa besorako, beso-hezurrerako eta eskurako. Mundutik Legazpira elkartearen helburua legazpiarrak zenbaki horiekin sentsibilizatzea da, eta herriaren parte hartzea piztea.
“Orain arte bildutako kopurua interbentzio horiek eskatzen duten zenbatekotik urrun daude eta horretaz jabetzen gara; horregatik, errealistak izanda, gure lehen helburua beheko gorputz-adarretako protesi bat erosteko finantzaketa lortzea da, horien kostua eskuragarriagoa baita, edo, gutxienez, zatirik handiena ordaintzea”. Alde horretatik, “ekarpen bakoitzak, txikia izanda ere, lagundu egiten du eta urrats bat gertuago uzten gaitu pertsona horietako baten bizitza aldatzeko».
Fundazioari buruzko informazio gehiago nahi duenak Instagrameko kontu honetan aurki dezake: https://www.instagram.com/fundacionjuanpablo2santos?stkn=b2ZsNW1jaDlrZ2x6&utm_sourc e=qr
Diru bilketan laguntzeko
Bestetik, diru bilketan lagundu nahi duenak, urriaren 17ko Kulturen Arteko Egunean izango du aukera, itsulapikoak hainbat postutan jarriko dituztelako.
Itsulapiko finkoak ere badaude Gizarte Zentroko tabernan eta Urbeltz tabernan, baita eta ekimenarekin bat egin duten beste ostalaritza establezimendu batzuetan ere.
Transferentzia bidez ere egin daitezke ekarpenak. Mundutik Legazpiraren kontu-zenbakia hau da: ES48 2100 5969 2902 0016 4795.













