2027ko Ordenantza Fiskalak onartu ditu udalbatzak, %2,9ko igoera orokorrarekin
Udal gobernuaren proposamenak EAJren (9) eta Podemosen (1) aldeko botoak jaso ditu, PSE-EEren (2) abstentzioa eta EH Bilduren (5) aurkako bozkak.
Beasaingo udalbatzaren urriko Osoko Bilkura.Beasaingo Udala Beasaingo udalbatzak 2027ko Ordenantza Fiskalei hasierako onespena eman die urriko Osoko Bilkuran. Udal gobernuaren proposamenak zerga eta tasetan %2,9ko igoera orokorra aurreikusten du, “Urteko Kontsumorako Prezioen Indizeak %4,5eko igoera adierazi duen arren”. Udal gobernuaren hitzetan, erabakiak “EAEko azpiko KPIaren bilakaerari erantzuten dio, erregaiak eta elikagai freskoak kanpoan uzten dituen erreferentzia hartuta, herritarren poltsikoetan eragin handiegirik ez sortzeko asmoz”.
Udal gobernuaren proposamenak EAJren (9) eta Podemosen (1) aldeko botoak jaso ditu, PSE-EEren (2) abstentzioa eta EH Bilduren (5) aurkako bozkak.
Igoera orokor horrez gain, IBIan, orain arte familia ugariek zituzten hobariak beste kolektibo batzuetara zabaltzea onartu da: guraso bakarreko familiek, etxeko zein genero-indarkeriaren biktimek eta kalteberatasun-egoeran dauden herritarrek hobariak eskatu ahal izango dituzte; eta hobarien ehunekoa familia-errenta estandarizatuaren arabera kalkulatuko da, %90erainoko mugarekin.
Tasa batzuk, ‘izoztuta’
Beste hainbat zerbitzu eta tasa aldatu gabe geratuko dira: Antzizar kiroldegiko eta Usurbe antzokiko sarrera eta zerbitzuak; errekarga puntuak, OTA zerbitzua eta Etxe Babestuak zein Etxez Etxeko Laguntza; eta udalekuak, azterketa tasak, gomazko erraldoiak eta udal argitalpenak.
Tasen atalean, hilerri zerbitzuan nitxoetako errotulazio eta identifikazio plaken tasak zehaztu dira, eta, Udaltzaingoaren eskariz, garabi zein ibilgailuen ibilgetze tasan egokitzapenak egingo dira.
Pepe Mugica plaza, Astigarretan
Osoko Bilkuran proposatutako gainontzeko gai nagusiak aho batez onartu ziren: egonaldi turistikoen gaineko zerga berria, Plazape tabernaren kudeaketa, Astigarretako plaza berriari Pepe Mugica izena jartzea, euskaltegiko diru laguntzak eta argiteria publikoaren mantenua.
Hasteko, Beasaingo ostatu eta establezimendu turistikoetan (150 ohe inguru) egingo diren egonaldiei aplikatuko zaien zerga berria onartu da, Goiekirekin eskualde mailan adostutako gutxieneko baremoak ezarriz.
Horrez gain, Plazape taberna Ardoa eta Azoka S.L. enpresari esleitu zaio 19.000 euroko eskaintzagatik (BEZ barne), bi urteko epealdirako urtebeteko hiru luzapen posibleekin.
2025ko maiatzean EH Bilduk bultzatuta hasitako ibilbideari jarraipena emanez, Pepe Mugica izena jarriko diote Astigarretako plaza bati.
Euskaltegiko diru laguntzei dagokienez, Udal Euskaltegia erakunde laguntzaile izendatu da C1 helburu duten 16 eta 18 urte bitarteko ikasleen eta hasierako mailetako izen-emateen diru laguntzak kudeatzeko.
Eta azkenik, argiteria publikoaren mantenua Loyola Norte S.A. enpresari urtebeteko azken luzapena ematea onartu da, 2027ko martxotik 2028ko otsailera.
Gazteleku berriko zerbitzua
Gobernu Batzordeak ere hainbat erabaki hartu ditu azken bileran. Batetik, Gazteleku berrian nerabeei zerbitzua emateko eta eremu hori dinamizatzeko kontratazioa Loiri Aisialdia eta Kirola enpresari esleitu zaio urteko 122.668 eurotan (BEZ barne). Kontratuaren iraupena bi urtetakoa izango da beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. EH Bildu abstenitu egin da.
Bestetik, banaketa jasangarria Txita enpresari esleitu zaio urteko 52.573 euroko proposamenarekin. Egikaritze epea bi urtekoa izango da gutxienez, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.
Eta azkenik, kale-argiteria LED sistemara aldatzeko 3. fasea Tecuni enpresari esleitu zaio. Erdiguneko argiteriaren %80 LED teknologiara aldatuko dute. Esleipena 161.974 eurokoa da eta egikaritze epea hamasei astetakoa. Zaldizurreta kalean Gipuzkoa plaza parean, Jose Miguel Iturrioz 12-16 atzealdean, Erauskineko aparkalekuan, Nafarroa Etorbidea 1-25 eremuan, Gernikako pasealekuan, Nekolalde kalean (7-15 / 17-27 atzealdea eta 18-24), Foru kalea 1-7 eremuan, Oriamendi 41B – 47 eremuan, Nabarro Larretegi 1-13 eremuan, Igartza Oleta 2-12 eremuan eta Errekarte kalea 21-39 eremuan egingo dira esku-hartzeak.













