Aho Lehor musika jaialdiaren seigarren edizioa bihar, Lazkaon
Kontzertuak 19:00etan hasiko dira skate parkean. Ondoren, DJek malantza tabernan jarraituko dute. Dohainik da.
Aho Lehor Fest 2024ean.Aitor Artza Aho Lehor Fest VI. aldiz egingo da larunbatean Lazkaon. Herriko skate parkean, 19:00etan hasita, herrialde ezberdinetako bost talderen kontzertuez gozatzeko aukera izango da, eta «dohainik» dio Aitor Artza Aho Lehorren antolatzaileetako batek: «Barrrk eta Orsini euskaldunak, Taqbir marokoarra, The Prize australiarra eta Sick Shooters herbeherearra izango ditugu. Ondoren, Malantza tabernan Rocky Violencia eta Esnupi DJ getariarrekin, gure lagunekin, jarraituko du festak».
Lazkaoko lagun talde batek antolatzen du musika jaialdi hau. Artzak, lagun talde horren izenean dio, musikaren inguruan mugitu direla beti eta pasio horretatik sortu zela Aho Lehor. «2020an pandemia garaia zen eta dena geldirik zegoela ikusita zerbait egin behar zela pentsatu genuen». Ideia horretatik abiatuta, 2021ean lehen aldiz Aho Lehor musika jaialdia antolatu zuten. Aho Lehor izena telebistako saio bateko pertsonaia batengatik jarri zioten jaialdiari. Izan ere, ba omen zegoen Boca Seca –aho lehor– deitzen zioten bat, eta lagun talde honi barregura ematen zion.
Musika taldeak aukeratzerako garaian %100ean beraien gustuen arabera aukeratzen dituztela adierazi du antolatzaileak: «Punka, rocka, hard core-a… musika generoak gustatzen zaizkigunez Euskal Herriko eta kanpoko estilo horietako panorama musikala nola dagoen ezagutzen dugu». Gainera, kanpoko taldeak ekartzen beti saiatu direla dio Artzak. «Taldeak nazioartean mugitzen dituzten kontaktu batzuk baditugu eta horiei esker lotzen ditugu taldeak». Izan ere, etortzen diren taldeetako batzuk «jaialdi garrantzitsuetan eta ordainduz» bakarrik ikus daitezkeela aurreratu du lazkaotarrak. Gainera, taldeen diskak eta jantziak erosteko postuak jarriko dituzte. Horietaz gain, food trucka eta edaria «herritarrentzako prezio onetan» egongo dira.
Antolatzearen zailtasunak
Aho Lehor bezalako musika jaialdi bat antolatzeak «urte osoko lana» eskatzen duela aitortu du Artzak. Gaineratu du hurrengo urteko jaialdia antolatzen ari direla dagoeneko: «Hurrengo urterako talde batzuekin hitz egin dugu, baina gero edozer gauza gerta daiteke; talderen bat erori, besteren bati deitu…».
Hala ere, jaialdiak duen zailtasun handiena aurrekontuak lortzea dela nabarmendu du. Aurten, udaletxearekin aurrekontu bat adostu zuten, horren baitan jaialdia antolatu eta ondoren aurrekontua txikiagoa zela komunikatu zien, «salduta gelditu ginen».
Hala ere, Artzak adierazi du kooperatiba enpresa batzuek portzentaia bat ekitaldi kulturaletarako bideratzen dutela. Beraz, udaletxeak eta enpresek ematen dien laguntzari esker lortzen dute horrelako kontzertuak jendeari dohainik eskaintzea.












