Beasaingo 448 ikaslek parte hartu dute 'Gizaki Bitxidunak' hezkuntza ekimenean
Andramendi Ikastolako 73 ikaslek, La Salle Ikastetxeko 139k, Murumendi Eskolako 108k eta Alkartasuna Lizeoko 128k parte hartu dute.
'Gizaki Bitxidunak' ekimeneko saioetako bat ikasleekin.Beasaingo Udala Beasaingo lau ikastetxetako 448 ikaslek parte hartu dute gaur amaitu den Gizaki Bitxidunak prebentzio eta hezkuntza ekimenean. 23 saiotan, giza eskubideen, nahi ez den bakardadearen eta ongizate emozionalaren inguruko hausnarketak egin dituzte.
Andramendi Ikastolako 73 ikaslek, La Salle Ikastetxeko 139k, Murumendi Eskolako 108k eta Alkartasuna Lizeoko 128k parte hartu dute eta, udalak azaldu duenez, lehen balorazioak “bikainak” izan dira. Saio bakoitzean sortutako elkarrizketak “oso aberatsak” izan direla azpimarratu dute antolatzaileek. Beasaingo Udalak eta Dar-Dar Gizarte Ekimen Kooperatibak elkarlanean bultzatutako Nahi ez den bakardadea eta buru osasuna egitasmoaren barruko ekimena da.
Saio bakoitzak 90 minutuko iraupena izan du. Gizaki Bitxidunak antzezlana erabili dute ikasleekin harremana eta elkarrizketa abiarazteko abiapuntu gisa. “Bunyipa, Mariilargi, Julia eta Julio, Tximeleta belarriak edo Bruno zorterik gabeko ardia bezalako pertsonaien istorioen bidez, haurrak eta gazteak gertuko egoeretara hurbildu dira, identitatea, ezberdintasuna, bakardadea, bazterketa, errespetua eta taldeko kide izatearen garrantzia lantzeko”.
Emozioak lantzen
Antzezlanaren ondoren, aktoreak eta dinamizatzaileak elkarrizketa irekia bideratu dute ikasleekin, pertsonaien emozioak, beharrak eta giza eskubideak aztertzeko, galdera hauen bidez: “Bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea gauza bera al dira?”, “Zer behar du pertsona batek taldeko parte sentitzeko?” edo “Norbait baztertuta sentitzen dela ikusten dugunean, zer egin dezakegu?”.
Antolatzaileen hitzetan, “haurrak ez dira entzule hutsak izan”, haien proposamenak “funtsezkoak” izan baitira ekimena gauzatzeko.
Beste sei herritara
Saioak amaituta, ondorio nagusiak bilduko dituen amaierako txostena egingo dute bultzatzaileek, eta ikastetxeei eta udalari bidaliko zaie, haurren ikuspuntutik ateratako ondorioak etorkizuneko prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza egitasmoetan kontuan hartzeko. “Azken finean, ekimenak argi utzi nahi izan du ez dugula denok berdinak izan behar talde baten parte sentitzeko, eta pertsona guztiek dutela duintasunez tratatuak eta entzunak izateko eskubidea”, azaldu dute.
2023an jarri zen martxan Nahi ez den bakardadea eta buru osasuna proiektua Beasainen. 2026an, Goierriko beste sei herritara zabalduko dutela iragarri dute.












