Lehen sektoreari bultzada emateko elkartu dira Oiangun
Ordiziako Gaztaren XI. Kongresua egin dute gaur Ordiziako Oiangu parkean. Hitzaldiak, lehiaketak eta kirol erakustaldia izan dituzte.
Unai Lekuona eta Patxi Lopez de Uralde irabazleak, Kofradiako kideekin. Izaro Villarreal Amaitu da Oiangun jokatu den Ordiziako Gaztaren Biltzarraren hamaikagarren edizioa. Aurreko hamar edizioetako helburu berak izan ditu: lehen sektoreari laguntzea, oro har, artzaintzaren eta bere produktuen arloan, eta azken horien barruan, tradizioz Ordiziako Azoka tradizionalari loturiko gazta.
Goizean goiz hasi dute jardunaldia, Idoia Otaegi EHUko Udako ikastaroen zuzendariaren eskutik. Bi ponentzia izan dituzte hizketagai, eta tartean, Joxe Ramon Agirre Marronek eginiko ‘Kaxkagorri’ dokumentalaren proiekzioa.
Eguerdi partean, ohiko lehiaketak jokatu dira: aurrerako arkume edo arkasta baten pisua asmatzea, bi gazten pisua asmatzea, bost ardi pisuaren arabera sailkatzea eta 100 ardi inguruko artaldean artaldekoa ez den ardia aurkitzea. Bikoteka lehiatu dira parte-hartzaileak, eta denera, bost bikote izan dira: Gipuzkoako bat (Aralar-Gorosmendi), Bizkaiko bi (Gorbeia 1 eta Gorbeia 2) eta Arabako beste bi (Opakua-Elgea eta Urbasa-Andia).
Horrela geratu dira sailkapenak, jolas guztietako puntuak bilduta:
- Unai Lekuona eta Patxi Lopez de Uralde (Opakua-Elgea).
- Jon Etxeberria eta Iñaki Etxano (Gorbeia 1).
- Oier Ugartemendia eta Jon Arregui (Aralar-Gorosmendi).
- Oier Berastegi eta Ibon Ruiz (Urbasa-Andia).
- Mikel Etxezarreta eta Isaak Egiluz (Gorbeia 2).
Sari banaketaren ondoren, denak batera bazkaldu dute eta arratsaldean, Bote Luzea modalitateko erakustaldi-partida izan da, Gipuzkoako selekzioko zortzi jokalarien eskutik.
Argazkiak: Izaro Villarreal












