Artzaintzaren sakontasuna eta gorentasuna Zaldibian, goiz beteko festan
Ardiki Egunean artzainen lanbide, bizimodu eta jakintza ugari plazatu dituzte zaldibiarrek. Mondeju lehiaketa Mari Jose Alkaiagak irabazi du, eta Aralarko gazta lehiaketa Joseba Intsaustik. Jexux Mendizabal 'Kaxkagorri' artzain zena gogoan izan dute.
Artzain ofizioaren eta bizimoduaren ispilurik plaza bakarrean eta goiz batean erakuts baliteke, Zaldibian lortzen dute hori. Ardiki Eguna ospatzen ari dira gaur, eta goizean artzaintzaren eta bere inguruaren langintzen erakusleiho bihurtu da herria. Kanporako giro goxoarekin, jende ugari inguratu du festak. Postuetan, artzainen zereginak, lanak eta produktuak ikusi eta ikasi ahal izan dituzte.
Ardiki Egunak 31. ekitaldia bete du, eta, ohi bezala, bi lehiaketa jokatu dira. Herritarrentzat izan ohi den 31. Mondeju Lehiaketa, eta 28. Aralarko Gazta Lehiaketa. 17na partaide izan dira. Mondeju zuriaren dastaketa-lehiaketan, beste behin Mari Jose Alkaiagak aurkeztutakoa aukeratu du onentzat epaimahaiak. Arantxa Etxeberriarena izendatu dute bigarren, eta Josune Etxeberriak eta Modes Sukiak egindakoa hirugarren posturako.
Aralar eremuko artzainek egindako gazta lehiaketa, berriz, artegia Zaldibian daukan Joseba Intsausti Otatza ordiziarrak irabazi du. Bigarren saria Orendaingo (Gipuzkoa) Jose Antonio Garmendiarentzat izan da, eta hirugarrena Uztegiko (Nafarroa) Pello Goikoetxearentzat.
Sarituen izenak esateko lana eta oholtzara deitzeko zeregina, Zaldibian ohitura duten bezala, bertsolariek egin dute, bertsotan. Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze izan dira gaur. Mondejuak eta gaztak dasatzeko epaile lanetan 18 lagun aritu dira: Ixiar Telleria, Luisa Lopez Telleria (Basque Culinary Centerreko diseinu gastronomikoko irakaslea), Aitzo Arruabarrena, Aimar Aiestaran, Jose Manuel Olano (Beasaingo Olano harategiko odolkigilea), Eukene Navio (Castillo jatetxeko sukaldaria), Bianditz Iraola, Iban Mate (Beasaingo Dolarea jatetxeko sukaldaria), Susana Lopez; eta Andoni Murua, Javi Ribero (Tolosako Ama jatetxeko sukaldaria), Jon Gantzarain, Beni Gallurralde, Juanma Garmendia (oraintsu arte Gastronomia Kofradien Federazioko lehendakari izana), Ioritz Karrera, Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe jatetxeko sukaldaria), Inma Mendizabal eta Asun Etxeberria.
Sari banaketan aurretikm Jexux Mendizabal Kaxkagorri artzain zaldibiar zena gogoan izan dute. Abuztuan hil zen, 100 urte betetzear zela, eta omenaldi xume bat egin dio Ardiki Kofradiak. Pakita Mendizabal arreba eta Ana Etxabe iloba igo diraoholtzara oroigarria jasotzera. Etxabek esker oneko hitz batzuk esan ditu.
Argazkiak: Iñaki Gurrutxaga












