Kantua eta musika aurtengo Azaroan Musika zikloa hasteko
In Tempore Abesbatza & Ensemblek 'Mixturas 2026' kontzertua eskainiko du 19:00etan, herriko parrokian.
Legazpiko Azaroan Musika Zikloa hastera doa. Igandean, azaroak 1, izango da lehen emanaldia, eta musika korala izango da protagonista. Santikutz Abesbatzak gonbidatuta, In Tempore Abesbatza & Ensemblek Mixturas 2026 kontzertua eskainiko du 19:00etan, herriko parrokian.
Konpositore garaikide handien obren mugimenduen sorta bat bildu dute abeslariek eta musikariek igandeko programarako: abangoardiako
musika, maila artistikoan nahiz kontzeptualean, tradizio klasikoa eta tonala, musika zinematografikoa eta nazioarteko folklorearen sonoritateak, harmoniak eta erritmoak nahasten dituena.
“Proposamen musikal hibrido honen testuekin, bizitzeko, justiziarako, elkarrenganako errespeturako eta gizarte guztiz teknifikatu eta
indibidualista bati eragiten dioten gaitz handietatik askatzeko grina bizian” murgilduko da publikoa.
In Tempore Abesbatzak eta emanaldi guztietan lagun izaten duen Ensembleak osatzen dute kontzertua, Estitxu Castellano Quintanaren zuzendaritzapean.
Era berean, In Temporek ikus-entzunezko sorkuntzak ere baditu ezaugarri. Bere musika proposamen guztietan txertatzen ditu, eta IkusArteko sortzaileek programa bakoitzerako berariaz diseinatzen dituzte. Argiztapenak esperientzia artistikoa are aberatsagoa bilakatu eta ikuslea zentzumenentzako bidaia batean murgiltzen dute.












