‘La Regenta’-ren grabaketak segurarren egunerokoan eragingo du
Pasa den astean hasi zituzten grabaketak, Seguran 'Markesane' izenez ezagutzen den Alustiza etxean.
Alustiza jauregia edo 'Markesane' Segurako herrigunean. Hitza Seguran La Regenta filmerako grabaketek segurarren egunerokoan izango dituzten eraginen inguruan oharra kaleratu du Segurako Udalak. Irailean zehar Markesane etxea egokitzeko lanak egin dituzte eta pasa den astean hasi zituzten grabaketak. Grabazioak ez dira egunero izango, «azaroan bi aste pasatxoan, abenduan egun batean eta urtarrilean beste aste batean», zehaztu dute.
Grabazioak amaitu bitartean, filmeko arduradunek hainbat eskaera luzatu dizkiote udalari, hala nola, Erreboteko ikurriñak kentzea, egun jakinetan kaleko argi batzuk ordu batzuetarako itzaltzea edo erlojua eta kanpaiak gelditzea. Kalean eta aparkalekuan eta frontoi ondoko kantxan makineria eta kamioiak uzteko lekua ere eskatu dute.
Guztiarekin, autobusa normaltasunez ibiliko da egun guztietan eta sortuko diren eragozpenen aurrean «ulerkortasunez jokatzeko» eskatu du udalak.













