Bellotako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute
Geldialdiak eta elkarretaratzeak egiten ari dira, Erreminta adarreko bost lankideren kaleratzeak salatzeko. Kudeaketa txarrari egozten diote enpresaren egoera. Bitartean, Agro adarreko langileei ABEEa aplikatu diete.
Bellotako langileen atzoko mobilizazioa.Hitza Bellotako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute aste honetan, Erreminta enpresako bost lankide kaleratu izana salatzeko, eta berriz hartzeko eskatzeko. Joan den astean elkarretaratzeak egin zituzten lantegiaren aurrean hainbat egunetan, eta aste honetan geldialdiak, astelehenean hasi eta gaur arte, 08:00etatik 09:00etara eta 16:00etatik 17:00etara.
Enpresa Komiteko kideek zuzendaritzaren kudeaketa txarrari egozten diote Bellota Erremintak gaur bizi duen egoera, egindako inbertsioei hain zuzen. “Inbertsio horiek egin baino lehen, Erreminta enpresako ekoizpena errentagarria zen, eta orain, milioika euro inbertitu ondoren ez dela errentagarria arrazoitzen dute”.
Bitartean, Bellota Agrisolutions enpresako zuzendaritzak Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientea langile guztiei zabaldu die. Enpresa horretako langile talde batek datorren abuztuan amaituko den hiru urterako espedientea zuen irekita; orain, gainerako langileri ere aplikatu diete ABEEa, abuzturaino baita ere.
Mobilizazioetan bi enpresatako langileak ari dira parte hartzen.
Bellota, bi enpresa
Bellota bi adarretan banatuta dago, batetik erremintarena dago eta bestetik nekazaritza alorrerako osagarriena. Bi adarrak familia korporazio baten esku egon ziren 2013ra arte; orduan Kanadako Venanpri multinazionalak erosi zituen biak, eta bi negozioak bereizita kudeatu zituen hasieratik, Bellota marka mantenduta.
Aurten, Erreminta negozioa Venanpri eta Estatu Batuetako Griffon Corporation multinazionalen jabetzakoa den Veritage Brands enpresaren eskuetara pasatu da. Bellota Agrisolutions, aldiz, Venanprirena da.













