Gaurko Gaztetxea, 30 urteko borrokaren eta lanaren emaitza
Hurrengo urtean hiru hamarkada beteko ditu Legazpiko Gaztetxeak, eta Gazte Asanblada murgilduta dago ospakizunen prestaketan. Egun bakarrekoa baino, ikasturte osoko festa izango da.
Gazte Asanbladako Uxue Zubizarreta eta Antton Iraeta.Tere Madinabeitia Legazpiko Gaztetxeak 30 urte beteko ditu gaur duen kokapenean, Mataderon. Herriko gazteen topalekuak 1997ko apirilaren 30ean ireki zituen ateak, hiltegi zaharreko eraikinean, Santikutz jaien atarian. Gaurko Gazte Asanblada osatzen dutenek ez dute hutsean utzi nahi izan urtemuga borobil hori, eta hasita daude ospakizunekin. Egun bakarrera mugatu beharrean, ikasturte osora zabaldu dituzte ekitaldiak.
Legazpiko Gazte Asanbladako kide diren Uxue Zubizarretak eta Antton Iraetak ez zuten ezagutu Gaztetxearen irekiera, baina ondo dakite historia: «1997an eskuratu zuten orduko gazteek lokal hau udalaren aldetik, eta lehen hiltegia zena eta gero Eskola tailerra, paperaren gainean ofizialki Gaztetxea bihurtu zen». Aurretik hainbat saiakera egin zituzten gazteek Gaztetxea lortzeko, lehena, ibilbide laburra baino oso emankorra izan zuen Guardia Zibilaren kuartelaren okupazioarekin, aldarrikapenak, gutxira, Nafarroa kalean lehen Gaztetxea irekitzea ekarri zuelako. Han bi urtez egon zen bakarrik, eta Iraetak azaldu duenez, «udalarekin eta bizilagunekin arazoak medio, bota egin zituzten, eta orduan bai, mugimenduak indarra hartu zuen. Garai hartan egin ziren manifestazio jendetsuak dira lekuko». Azken borroka horren harira lortu zuten udalak hiltegiko eraikina uztea, eta indartsu zegoen Gazte Asanbladaren eskuetan utzi zuen bere kudeaketa.
Ibilbide emankorra
Gaurko Gaztetxearen 30 urteko ibilbidean gauza asko egin dira, asanbladatik jende ugari igaro da, belaunaldi aldaketa bat baino gehiago gertatu da, motelaldiak izan dira… «baina gaur, biziaz beterik dago, batez ere COVID garaiaren ondotik», Zubizarretak nabarmendu duenez. Urritik ekainera bitartean, asteburuetan irekitzen da orain, eta «urteurrenaren aitzakiarekin, asteburu guztiak ekintzaz betetzea» espero dute, «aisialdiari, kulturari eta gizarte ekintzari» lotutako jarduerekin, eta «herriko eragile desberdinekin lankidetzan».
Iraetak erantsi du «apustu serioa» egin dutela zentzu horretan, eta «barruko jendearentzat eta kanpora begira gauza txukunak, potenteak eta ekarpena egin dezaketenak» antolatzea nahi dutela.
Egitarau zabala
Gauzak horrela, urteurrenerako planteatu duten egitarauan, hilean behin ekitaldi nagusi bat dute jomugan. Baina ez da bakarra izango. Ostiralero pintxo-potea egingo dute, eta hilero zinema emanaldi bat egiteaz gain, Ixkiña akustikoekin jarraituko dute, «horien atzean sarri proiektu txiki asko daudelako eta ezagutzera eman behar direlako». Txapelketak eta ikastaroak tartekatzen joango dira; orain arte mus txapelketa egin dute, baina badituzte beste batzuk begi jota. Mendi irteerekin ere jarraituko dute, baina maiztasun txikiagoarekin.
Aparteko ekitaldi horien artean batzuk ezin dira oraindik aurreratu, baina asteburu honetan egingo duten garagardo azoka eta urtarrilaren 2rako prestatu duten herriko sortzaile eta artisauen azoka eta erakustaldia aipatu dituzte bi gazteek.
Garagardo azoka ostiralean hasiko da pintxo potearekin eta azaroaren 11ko grebari begirako informazio hitzaldi batekin, “gazteoi bete-betean eragiten digun arazoa delako etxebizitzarena”, eta larunbatean izango du jarraipena, egun horretan musika emanaldi eta guzti. Hilaren amaieran, berriz, Mendi Astea egingo dute.
Gai sozialak ere hurbildu nahi dituzte Gaztetxera urteurreneko ikasturtean, eta asmo horretan kokatzen da joan den astean Ahoztar Zelaietan Ertzaintzaren azken urteetako jokamoldeari buruz idatzi duen liburuaren aurkezpena. «Aurreko ikasturtean Euskal Herriko gaztetxeen topaketan parte hartu genuen, eta handik ekarri genuen ideia izan zen aisialdi forma zehatzetara bakarrik mugatu beharrean, aisialdi horri zentzu bat eman behar geniola, eta horrela eduki sozialei lekua eman». Hor kokatzen da etxebizitzarako eskubidea aldarrikatuko duen grebari begirako ostiralekok hitzaldia. Azaroaren 25ari begira, berriz, Itaiarekin batera aurreko ostiraleko pintxo potean emakumeen eta indarkeriaren auziaz eztabaidatzeko solasaldia dute prestatuta.
Urteurrenari begira
Baina ospakizun handiak datorren urterako utzi dituzte. Gaztetxeak Santikutz jaien bezperan beteko ditu 30 urte, eta aurreko astebururako prestatuko dute egitaraua, iaz berreskuratu zituzten Gazte Festen barruan. «Gauza batzuk itxita dauzkagu, baina ezin dugu ezer aurreratu». Ospatzeko «asko» dutela diote, 30 urte horiek garrantzitsuak izan direlako, eta «urte horietako borrokak ekarri gaituelako gauden lekura, eta Euskal Herri mailan txikiak bagara ere, erakustea lortu delako horrelako espazio bat lan boluntarioaz mantentzea posible dela».
Musikak lekua izango du, noski, hori baita Gaztetxearen ikurretako bat. Zubizarretak dioenez, «musika egun potente bat egin baino gehiago, nahiago dugu eskaintza desberdin bat egin. Izan ere, Legazpin musika profil desberdinak identifikatzen dira, gustu desberdinak daude… hip hop gaua, rap gaua, asteburu honetan heavy metala izan da… aniztasun horri irekita gaude».
Asanbladako kideak eta boluntarioak
Gazte Asanbladari dagokionez, une honetan indartsu dagoela diote biek. «Aurten zazpi kide berri sartu gara», azaldu du Zubizarretak, eta horietan 17-18 urte ingurukoak ere badaudela zehaztu du. Iraetak dio hori positiboa dela, «naturaltasun horretara iristen ari gara, gaztetxoek ere ikusten dute hemen espazio bat dutela, antolatzeko eta dituzten kezkak azaltzeko eta konpontzeko». Zentzu honetan, azken urteetan Gaztetxearen gainean zegoen ulerkeran bilakaera eman dela dio.
Gaztetxeak barra bat ere badu, eta Gazte Asanbladako kideek txandak eginez kudeatzen dute, askotan asanbladatik kanpoko boluntarioren laguntzarekin. «Horien laguntza ikaragarri eskertzen dugu, garrantzitsua da guretzat, askok ez dutelako denborarik edo gogorik asanbladarekin konpromiso handiagoa hartzeko, baina barran egiten dituzten txanda horiek Gaztetxearekin lotura mantentzeko balio dute, eta gure dinamikan sartzeko ere bai».
Asanblada hori irekia da, eta igande arratsaldetan egiten ditu bilkurak 17:30ean. «Nahi duten guztiak gerturatu daitezke».













