Odolkiaren bueltan, larunbat betea dute Beasainen bihar
41. Odolki Lehiaketa eta Dastaketa izango da goiz-eguerdian Gernika pasealekuko frontoian. Olanok hemeretzi txapel lortu ditu, iaz hamabigarrena jarraian.
Olano Harategiko odolkigile txapeldunak, iaz, Leire Artola alkatearekin eta Odolki Kofradiaren presidente Martin Urkiolarekin.Aimar Maiz Odolkia izango da protagonista bihar Beasainen. 41. Odolki Lehiaketa eta Dastaketa izango da goiz-eguerdian Gernika pasealekuko frontoian. Horren aitzakian, ez da festa girorik faltako; argazki rallya, erraldoien bilkura edota elektrotxaranga ere antolatu dituzte larunbata borobiltzeko.
Dastaketa-lehiaketaren aurretik, gaur, azaroak 6, generoaren aurkezpena egingo dute parte hartu nahi dutenek. Bareak elkartean izango da, 17:00etatik 21:00etara. Bihar, berriz, 11:30 inguruan hasiko da dastaketa-lehiaketa. Faboritorik egon badaiteke, Olano Harategia da; hemeretzi txapel lortu ditu Beasaingo lehiaketa horretan, iaz hamabigarrena jarraian lortuta. 1986an hasi zuten lehiaketa eta ia erdietan Olano nagusitu da.
El Diario Vasco egunkariko Elisa Belauntzaranek, Repsol Gidako Luisa Lopezek, Pintxoaren Donostiako Institutuko Jesus Santamariak eta Hotel Zenit Convento San Martin hoteleko Aitor Santamariak osatuko dute epaimahaia. Urtero bezala, odolkien zaporea, testura, usaina eta aurkezpena izango dituzte kontuan balorazioa egiterakoan. Irabazlearen izena 13:00 aldera jakinaraziko dute.
10:00etan bertako produktuen azoka hasiko da Loinazko San Martin plaza azpian, 16:30ean Erauskin plazan Sardiña freskue kale antzerkia eta 19:00etan Xaukena elektrotxaranga. Odolkia dastatzekoaz gain, aukeraz betetako eguna da biharkoa: Lourdes Losada Memoriala, erraldoien bilkura eta joaldunak kaleetan.













