Jasangarritasunaren krisiaz Unai Pascualekin, Igartzako Jauregian
Egungo egoeraren diagnosia, arrazoiak eta irtenbideak azalduko ditu, bihar, 19:00etan, Azaroa Zientziaroa zikloaren barruan.
Unai Pascual Garcia de Azilu Ingurumen Ekonomian doktorea.Zaldi Ero/ARGIA Lemniskata Goierriko zientzia sare herrikoiak antolatutako Azaroa Zientziaroa zikloaren bigarren hitzaldia izango da bihar, 19:00etan, Igartzako Jauregian. Unai Pascual Garcia de Azilu ekonomialari ekologikoak Jasangarritasunaren krisiaren aurrean zer? Sentitu, pentsatu, ekin izeneko solasaldia eskainiko du.
EHUn Garapenaren Ekonomian lizentziatu ondoren, Ingurumen Ekonomian masterra eta doktoretza egin zituen Yorkeko Unibertsitatean. Gaur egun Klima Aldaketa Ikergai zentroan Ikerketa Irakaslea da, eta Klima eta Ingurune Naturala ikerketa-lerroko burua. Cambridge-ko eta Manchesterreko unibertsitateetan irakasle elkartua izan da, eta munduko hainbat unibertsitatetan, Europan, AEBetan eta Latinoamerikan, irakasle gonbidatu gisa aritu izan da. 200 zientzia artikulutik gora idatzi ditu.
Hitzaldian jasangarritasunaren krisiaz ariko da, Lemniskatak azaldu duenez gaurko egoeraren diagnostikoa, arrazoiak eta irtenbideak azalduz. «Klima larrialdia eta bioaniztasunaren galera globala horren seinale nabariak dira. Ekonomiaren eredu nagusiak natura balio bakarrera mugatzen du, eta baztertu egiten ditu natura beste modu batzuetan baloratzeko aukerak», aipatu du sareak ekitaldiaren sarrera gisa.













