Ibon Altzelai izango da EH Bilduren alkategaia
Ibon Alzelai Ugarte proposatu du Legazpiko EH Bilduko Mahai Politikoak 2027ko udal hauteskundeetarako alkategai izateko. Altzelai 58 urteko legazpiarra eta hiru seme-alaben aita da.
Ibon Alzelai Ugarte proposatu du Legazpiko EH Bilduko Mahai Politikoak 2027ko udal hauteskundeetarako alkategai izateko. Altzelai 58 urteko legazpiarra eta hiru seme-alaben aita da.
Gaztetatik egon da Legazpiko herri mugimenduari eta elkartegintzari lotuta. Bere ibilbidean parte hartu du auzoko jai batzordean, auzo elkartean, Ene Bada! aldizkarian eta La Salle Eskubaloi Kirol Elkartean, besteak beste. Azken horretako lehendakaria da gaur egun. «Herrigintza ulertzeko modu horrek» markatu du bere ibilbidea. Herria elkarrekin, auzolanean eta kalean eraikitzen dela sinesten du. Arlo profesionalean, mantentze-lanen arloan aritu da, hainbat enpresatan.
Zortzi urtez zinegotzi
Azken zortzi urteetan Legazpiko Udalean zinegotzia izan da eta horrek «herriaren eguneroko errealitatea, beharrak eta aukerak gertutik ezagutzeko aukera» eman dio. Alkategai izateko proposamena «esker onez eta erantzukizun handiz» hartu du. Adierazi duenez, «urte hauetan guztietan bildutako esperientzia, bizitako ikaskuntza eta, batez ere, Legazpirekiko dudan maitasuna zerbitzuan jartzeko unea da berriro».
Aurrera begira, Legazpiko egungo erronkei erantzuteko konpromisoa azaldu du, eta horretarako herritarren parte hartzea eta elkarlana «ezinbestekoak» direla adierazi du, «legazpiar guztiontzat ateak zabalik dituen proiektua da gurea». EH Bilduk herriarekin batera egin nahi die aurre etorkizuneko erronkei, eta «Legazpi bizigarriago, kohesionatuago eta euskaldunago baterantz urratsak eman».













