Magia Jiji Jaja jaialdiaren bigaren edizioa prest dago
Eneko Gutierrez magoaren ekimenez sortuta, bigarren urtez jarrian ospatuko da Legazpin abenduaren 18an, 19an eta 20an. Magia galarako sarrerak salgai daude dagoeneko.
Eneko Gutierrez iazko magia galan.Tere Madinabeitia Eneko Gutierrez magoaren ekimenez, Legazpi magiaren munduan murgilduko da laugarrenez abenduan. Duela lau urte magia gala batekin hasi zena, asteburu osora zabaltzen den Magia Jiji Jaja jaialdia dago bihurtuta iaztik. Jaialdiaren bigarren edizioa abenduaren 18an, 19an eta 20an ospatuko da aurten, eta egitaraua itxita dago dagoeneko.
Madril eta Legazpi artean bizi da Gutierrez, magia ikuskizunak han eta hemen eskainiz, baina aurten ere tarte bat hartu du etxeko hitzordua antolatzeko. Abenduko asteburu hori bere herrian igaroko du, jaialdirako gonbidatu dituen mago gehiagoz inguratuta. Iaz bezala, Legazpiko Udala, Ilinti merkatari elkartea, KTE Kaleko Tabernarien elkartea, Legazpiko Gazte Asanblada eta Lenbur Fundazioa ditu kolaboratzaile, eta familiak eta lagunek eskua luzatu diote.
Lagun horien artean, berriki sortu duten Txisteratik magia elkarteko kideak daude. Eta jaialdia antolatzeko propio sortu duten taldea nabarmendu nahi du Gutierrezek: “lehen bakarrik ibiltzen nintzen, laguntzailez inguratuta, baina oraingoan, Fernando De Rozas donostiarra, Markinako Oier eta Unai Jurado, eta Donostiako Laura eta Paco de Silva elkartu zaizkit antolaketarako, hasieratik kartelak diseinatzen aritu den Valentziako David Beneytorekin batera”.
Horrelako taldea inguratzeak jaialdiak lortu duen sendotasuna islatzen du, eta magiaren munduan Legazpiko hitzordu honek tokia eta izena hartu duela erakusten du, legazpiarrak aitortu duenez.
Laugarren magia gala, hasteko
Abenduaren 18ko magia galarekin hasiko da jaialdia. Latxartegin izango da ikuskizuna, 19:00etan, eta Hodei, Bea Larrañaga, Andoni Magoa eta aurkezle lanak egingo dituen Eneko Gutierrez bera izango dira protagonistak.
“Urtetik urtera geroz eta zailagoa kartelera osatzea”, aitortu du Gutierrezek, “beti zerbait berria eskaini nahi dugulako”. Edizio honetako berritasuna Artxila Mortxila Saria izango da, mago baten ibilbideari aitortza egiteko sortua. “Hernaniko Marsel magoarentzat izango da lehenengoa, ETBn ezaguna egin zena Txirri Mirri eta Txiribiton pailazoekin”. Saria jasotzera galara etorriko dela aurreratu du jasoko du.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroan, Latxartegi aretoko leihatila digitalean.
Larunbaterako, hiru hitzordu
Larunbatean izango du jarraipena Magia Jiji Jaja jaialdiak. Hasteko, Talentu berrian magia gala egingo dute 12:00etan Laubideko kale nagusian. “Aurten belaunaldi berriei, gazteei tokia eman nahi zian diegu, eta horiek egingo dute saio hau”. Alex de la Morena, Oier Agirresarobe, Aiara Magoa, Tlemo Peñil eta Yeray izango dira mago gazte horiek.
Bazkalondoren, Gaztetxean izango da hitzordua, mentalismoari eskainitako bi orduko ikastaroarekin. Jon Zabalek eskainiko du, 15:00etan hasita. eta bereziki magoei zuzenduta. Izena emateko txisteratik@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Eta arratsaldean, erdiguneko tabernetara joango da magia, poteoarekin bat eginez. Kukue, Giroa, Karibe Zaharra, Karibe Berria, Gurrutxaga, Katilu, Oilarra, Ibnaiondo, Xarpot eta Elizondo tabernetan magia saio txikiak eskainiko dituzte Carlitos, Raul Fernandez, Santiago Fernandez, Alex de la Morena, Asier Saizar, Iagomago, Unai Jurado, Yeray, Arkaitz, Telmo Peñil, Aiara eta Beñat Zubizareta magoek, 19:00etatik 21:00etara.
Barre magikoak, amaitzeko
Jaialdia ixteko, igandean Oier Juradok Barre Magikoa ikuskizuna eskainiko du Txillida Lantokian, baina oraindik ez dago ordua finkatuta. Sarrera dohainik izango da.
Magiaz gozatzeko aukerarik ez da faltako abenduko asteburu horretan Legazpin.













