Ignaziotar Bideko Udalerrien elkarteak antolatu du, eta ekainaren 30a da parte hartzeko azken eguna. Hiru kategoria ditu, eta 2.500 euro banatuko ditu sarietan.
Legazpi, Urretxu eta Zumarraga zeharkatzen dituen Inaziotar Biddeak bere lehen argazki lehiaketa jarri du martxan, Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak antolatuta. Hiru kategoriatan dago banatuta, eta 2.500 euro banatuko ditu sarietan. Hurrengo urteko ekainaren 30a da lanak aurkezteko azken eguna.
Ekimen honen helburua “ibilbidea osatzen duten 92 udalerrien edertasuna, aniztasuna eta izaera balioan jartzea da”, antolatzaileen arabera. Erromesek, turistek eta 92 udalerri horietako biztanleek parte hartu dezakete.
Urtean zehar lurraldearen eraldaketa islatzen duten “begirada bereziak” bilatzen dituztela diote lehiaketaren oinarrietan: “Paisaia naturaletatik eta ondare guneetatik hasi, eta bertako tradizioak, jaiak, gastronomia, espiritualtasuna nahiz erromesaren beraren bizipena erakusten dituzten irudietaraino”. Helburua Ignaziotar bidearen dimentsio turistikoaren eta bere esentziaren edozein elementu jasotzea da.
Hiru kategoria, eta 2.500 euroko sariak
Hiru kategoria ezarri dituzte, eta bakoitzean sari bana emango dute. Lehen saria 1.500 eurokoa izango da, eta kalitate tekniko eta artistiko handiena duen argazkiarentzat izango da. Bidearen Izpiritua izeneko saria ere izango da, 500 eurokoa, eta hori erromesaren bizipena eta esperientzia hobekien islatzen dituen argazkiari emango diote. Azkenik, Inaziotar Bidea: kultura, ondarea eta gastronomia saria emango dute, 500 eurokoa hori ere, eta ibilbidearen aberastasun kulturala, ondarekoa edo gastronomikoa hobekien erakusten duen irudiarentzat izango da. Kategoria bakoitzeko 3-5 argazki aurkeztu dezakete partaideek, eta irudi bakoitza zein udalerritan atera duten adierazi beharko dute.
Lehiaketan parte hartzeko hiru urrats egin behar dira. Hasteko, “bidearen esentzia harrapatu” behar da: Argazkiak Inaziotar Bideari atxikitako 92 udalerrietako edozeinetan ateratakoak izan behar dira, originalak eta argitaratu gabeak, Adimen Artifizialaren bidez sortu edo eraldatu ez direnak, eta edizio digitalarekin elementurik gehituta edo kenduta ez dutenak. Ondoren, baldintza teknikoak betetzen direla egiaztatu behar da, eta hirugarrenik, irudiak antolatzaileei bidali, https://caminoignacianoturismo.com/eu/lehiaketa/ webgunearen bitartez.