Nerea Elustondo, "gogotsu", bertsolari txapelketaren hurrengo faseari begira
Finalaurrekoen bigarren itzulirako sailkatu da. Bilbon kantatuko du, abenduaren 5ean. Sarrerak salgai daude interneten.
Nerea Elustondo «gogotsu» dago Bilbon datorren abenduaren 5ean duen hitzordu handiari begira. Euskal Herriko bertsolari txapelketako finalaurrekoen bigarren itzulirako sailkatu da, eta horren hirugarren saioan kantatuko du, finalerako txartel bila, «oso zaila» izango den arren.
Finalaurrekoen lehen itzuliko saioa Eibarren izan zuen, eta 696 puntu eskuratu zituen orduan; ez zuen lortu bigarren itzulirako zuzeneko pasea, eta puntuazioaren menpe geratu zen. Baina legazpiarrak azaldu duenez, saio hartatik bazekien bigarren bueltan kantatuko zuela «ia seguru», kantatzeko falta ziren guztiak aurretik geratu behar zirelako hori ez gertatzeko.
Eibarren zortea ez zuela «oso aldeko izan» inpresioa dauka, «zozketan seigarren tokatzea, ze gai…», baina hala ere «nahiko airosa» atera zela uste du, eta horregatik Bilbora «gogotsu» joango da, «egoerak ere aldekoago izango ditudan esperantzan».
Finala «oso zail» dagoela dio, «baina azken finalerdia, Bilbon, jendetsua izango da eta plaza, ederra. Kartela ere gustatzen zait. Ez daukat galtzeko ezer handirik eta printzipioz, gozatzera joango naiz».
Sarrerak salgai
Bilboko eta finalaurrekoen bigarren itzuliko beste bi saioetako sarrerak internetez erosi daitezke, www.bertsosarrerak.eus atarian.













