Cesareo de la Presa hil da, 21 urtez Legazpiko bake epailea izandakoa
Atzo hil zen, 87 urterekin, eta gaur izango da hileta elizkizuna, parrokian, 19:00etan. Buztintegi elkarteko lehendakaria ere izan zen, eta Olaria saria jaso zuen 2016an.
Cesareo De la Presa, Olaria sariarekin, emaztearen alboan, 2016an.Maialen Igartua Legazpiko bake epaile izandako Cesareo de la Presa Quintana hil zen atzo, 87 urterekin. Gaur izango da hileta elizkizuna herriko parrokian, 19:00etan, eta familia tanatorioan egongo da 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 18:30era.
De la Presa Burgosko Quincoces de Yuso herrian (Espainia) jaioa zen, eta 5 urte zituela etorri zen Legazpira familiarekin. Patrizio Etxeberriaren lantegian lan egin zuen, baina bere lan ibilbidea Urretxuko Irimo enpresarekin egon zen lotuta nagusiki.
Legazpiko bake epaile izan zen 21 urtez; kargua 1985ean hartu zuen, eta 2006ra arte jardun zuen zeregin horretan. Urte hartan bertan Buztintegi jubilatu eta pentsiodunen elkarteko lehendakari bihurtu zuen, eta 2016ra arte egin zuen lan elkarte horretan. Gainera, Kimu-Berri aterpearen sortzaileetako bat izan zen.
Herriaren alde lan egindako ibilbide emankor eta luze horregatik, Olaria saria eman zion udalak, legazpiarrek hala proposatuta, 2016an.













