Jon Carracedo ikertzailearen hitzaldia gaur Legazpin, Movember kanpainaren barruan
Prostatako minbiziaren ikerketan egiten du lan, besteak beste. Hitzaldia Kultur Etxean izango da, 18:30ean. Gizonezkoen osasunari buruz sentsibilizatzeko mugimendua biharko Hegialdeko pintxo potean ere izango da.
Movember mugimenduak gizonezkoen osasunaz sentsibilizatzeko bibotez eta jarduerez bete ditu Goierri garaiko herriak azaro osoan. Hitzaldiak dira jarduera horietako batzuk, eta gaur bertan izango da bat Legazpin, Arkaitz Carracedorekin.
Carracedo Ikerbasque erakundeko ikerketa irakaslea, eta Derioko CIC BioGune ikerketa zentroko Minbiziaren zelula seinalizazio eta metabolismo taldeko burua da. Minbizi zelulen alterazio metabolikoak ikertzen ditu, bereziki prostatako minbiziarenak. Lan horri buruz hitz egingo du gaur Kultur Etxean, 18:30ean.
Goierri garaiko Movember taldeak beste hitzaldi bat ere antolatu du, datorren asterako. Urretxun izango da, hilaren 24an asteartearekin, Idoia Garde nutrizionistaren eskutik; nutrizioaz eta minbiziaren tratamenduaz hitz egingo du bertan.
Baina Movember mugimenduak kalean ere izango du presentzia. Hala, bihar, Hegialdeko pintxo potean izango dira taldeko kideak, eta datorren asteazkenean Urretxukoan. Postua jarriko dute taberna inguruetan, kamisetak, oihalezko poltsak, txapak, boligrafoak eta bestelako materiala saltzeko, eta gizonezkoen gaixotasunen inguruan sentsibilizatzeko. Ostiralean Legazpiko azokan ere izango dira, eta larunbatean Zumarragakoan ere bai.













